Lander GARRO Idazlea
Antzerki hutsa
Ingalaterrako futbolean aritzen direnek, hango zintzotasuna aipatzen dute beti. Ez da horrenbesterako: han ere zera biribil bati ostikoak ematen aberasten dira batzuk. Baina han itxurak egitea ez da ganorazkoa. «Antzerkia egitea» zigortu egiten da, batik bat antzerki txarra: arerioaren hankaren laztanaren eraginez dozenaka txiribuelta egitea, hartz batek eraso eginda bezala, adibidez. Ingalaterrako futbola, ez da arte dramatikoko ikasle erratuentzako paradisua. Hemen, geurean, astebururoko kontua da telesail merkeetako antzezpenen gisakoak ikusi beharra. Kontu zaharra da, hain zaharra, ze antzerkia, denboraren poderioz, bulegoetara iritsi da. Errepara iezaiozue Jokin Aperribay Realeko presidenteari. Fartsaren artean gutxi trebatu dira hura bezala. Duela gutxi hainbat jokalariri errieta egin die, presoen alde euren izena eman izateagatik. Taldearen izen ona zikindu omen dute. Entzun ezazue ongi, ordea, hori ez baitu edonork esan; hori 1571. urteaz geroztik hiltzeko makinak ekoizten dituen SAPA enpresako jabeetako batek esan du. Armadentzat armak ekoizten ditu bere enpresak, eta gauza jakina da, estatuak estatu direnez geroztik, armadak eragindako hildakoak ez direla ikusgarri, ez direla aintzat hartzekoak. Gerra kirurgikoak, akordatu zaitezte ongi. Botoi bati sakatuz aurpegirik gabeko, nortasunik gabeko, familiarik gabeko ehunka hildako uztea. Gauaren erdian dozenaka familia etxe gabe uztea, etorkizunik gabe. Ez da hain larria, geure «bizitzaren aldeko konpromisoa irmoa bada». Ez da neuk esana, mundua armaz betetzea lanbide duen bakezale batek esana da.