GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Dopin kontuak barra-barra

Armstrongen aurkako «froga berriak», erreportaje batean

p038_f01_111x111.jpg

 

GARA | BILBO

Errepideko txirrindularitza profesionala martxan jarri berri den honetan, dopin kontuak  bolo-bolo dabiltza berriz ere. Hala, “Sports Ilustrated” aldizkariak Lance Armstrong dopinaren munduarekin lotzen du erreportaje baten bitartez, froga berriak eta bere zenbait taldekide ohiren adierazpenak azaltzen dituena. Hala, baliteke Austin-eko txirrindulariak bere ibilbide profesionala uste baino arinago amaitu behar izatea, nahiz eta, berez, aurtengo denboraldiaren ostean esan behar dion agur txirrindularitza profesionalari.

«Lance Armstrongen aurkako auzia» da erreportajearen izenburua eta Selena Roberts-ek eta David Epstein-ek zuzendu dute. Bertan, hainbat kontu berri aipatzen dira, esaterako, Armstrong-ek 90eko hamarkadaren amaieran –bere aurreneko Tourra 1999an irabazi zuen– «oxigenoa odolera errazago garraiatzeko botika esperimental bat eskuratu» ahal izan zuela. Horrez gain, Radioshack taldeko burua 2009. urtean dopin kontuetan nahastuta egon den Michele Ferrari doktorearekin ere izan dela diote, nahiz eta Armstrongek beti esan izan duen aipatu sendagilearekin 2004an eten zuela harreman oro.

Bestetik, Floyd Landis txirrindulari ohiaren adierazpenak ere ageri dira aipatu erreportajean. Landisek Suitzako aduanan izandako pasarte bat kontatzen du. «Saint Moritz-era bidean, poliziak Armstrongen poltsan botikak eta xiringa batzuk aurkitu zituen. Azkenean, bitaminak baino ez zirela sinetsarazi zien honek eta pasatzen laga zioten».
«Txorakeriak» omen dira leporatzen zaizkionak. Hala dio bederen Armstrongek berak eta baita Mark Fabiani bere bozeramaileak ere. «Sinesgarritasunik gabeko adierazpenak dira, ‘lagun zaharren’ aitortza berriak».

Alberto Contador
Bestetik, iazko Tourrean Contadorren analisietan klenbuterol arrastoak atzeman ostean, Saxo Bank taldean, Pintoko txirrindulariaren taldean alegia, urduri daude. Hala, Bjarne Riis zuzendariak Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasuneko presidente Pat McQuaid-i Contador zigortzeko asmoaren atzean «arrazoi politikoak» daudela leporatu dio.
«Albertoren gernuan klenbuterol apur bat azaldu zen, baina ez zuen Tourra horri esker irabazi», adierazi zuen zuzendari daniarrak.
Berandu baino lehen argituko da, antza, Contadorren kasua. Juan Carlos Castaño, Espainiako Txirrindularitza Federazioko presidentearen hitzetan, otsailaren 10 eta 15 artean jakingo da madrildarra zigortuko duten ala ez.
Bestalde, Down Under eta San Luis itzuliek bigarren etapa izan zuten. Australiako proban Sky taldeko Ben Swift nagusitu zen esprintean. Robbie McEwen (RadioShack), etxeko txirrindularia da lider berria. Argentinan, berriz, Jose Serpa kolonbiarrak irabazi zuen Potrero de los Funes-eko gainean eta lider jarri da.


Down Under Bigarren etapa
     1.     Ben Swift (Sky)        3.27.44
     2.     Robbie McEwen (Radischak)    d.b.                                         
    15.    Gorka Izagirre (Euskaltel)     d.b.
    22.    Iñaki Isasi (Euskaltel)     d.b.
    24.    Ruben Perez (Euskaltel)    d.b
    28.    Iban Velasco (Euskaltel)     d.b.
    34.    Jon Izagirre (Euskaltel)     d.b.
    52.    Miguel Minguez (Euskaltel)     d.b.
    62.    David Lopez (Movistar)     d.b.
    78.    Daniel Sesma (Euskaltel)     d.b.
    84.    Aitor P. Arrieta (Lampre)     d.b.
    107.  Markel Irizar (Radioshack)     0.22ra
    117.  Txente Garcia (Movistar)     2.01era

Sailkapen nagusia
     1.    Robbie McEwen (Radischak)        6.44.42
     2.    Matthew Goss (HTC)    d.b.                                          
     9.    Miguel Minguez (Euskaltel)     0.07ra
   18.    Iñaki Isasi (Euskaltel)     0.10era
   32.    Ruben Perez (Euskaltel)    d.b
   38.    Gorka Izagirre (Euskaltel)     d.b.
   47.    Iban Velasco (Euskaltel)     d.b.
   54.    Jon Izagirre (Euskaltel)     d.b.
   57.    David Lopez (Movistar)     d.b.
   73.    Aitor P. Arrieta (Lampre)     d.b.
   86.    Daniel Sesma (Euskaltel)     d.b.
   95.    Markel Irizar (Radioshack)     d.b.
 121.    Txente Garcia (Movistar)     2.11a

San Luis. Bigarren etapa
    1.    Jose Serpa (Androni)        3.52.58                                          
  16.    Iker Camaño (Endura)     1.20ra
  26.    Patxi Vila (De Rosa)     2.09ra
  39.    Alberto Morras (Onda)     3.08ra
106.   Javier Iriarte (Movistar)     12.18ra
108.   Jon Pardo (Onda)     d.b.

Sailkapen nagusia
    1.    Jose Serpa (Androni)        8.52.18
    2.    Eros Capecchi (Liquigas)    0.04ra                                          
  10.    Iker Camaño (Endura)     1.30era
  16.    Patxi Vila (De Rosa)     2.19ra
   34.   Alberto Morras (Onda)     3.56ra
106.   Jon Pardo (Onda)     13.06ra
 111.   Javier Iriarte (Movistar)     d.b.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo