GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Iñigo Badiola lasarte Mutriku

Grabaketak, manifestazioa vs. inkomunikazioa

Urtarrilaren 8an, Bilbon egin zen euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioan parte hartu nuen. Santiago J. Pedraz epailearen arabera, han egon ginenok legea hautsi genuen, presoen argazkiengatik, edo esloganengatik... Behinik behin, horiek aztertzea eskatu du. Nik, milaka pertsonaren babesa eta elkartasuna sentitu nuen. Bertaratu ginenok, aurpegiak bistan generamatzan, ez baikeneukan aurpegia estaltzeko arrazoirik. Kamerek grabatu gintuzten, baina guk, bakar-bakarrik eta herri oso baten aurrean, presoen giza eskubideak behingoz errespeta daitezen eskatu genuen.

Pedraz Jaunak TVE, Antena 3, Cuatro, Telecinco, La Sexta eta ETB telebistetako irudiak eskatu ditu, ustezko delituak aztertzeko; baita zaintza kameren zintak ere. Nik, aldiz, eta grabazioen harira, Ertzaintzak, Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak, atxilotuen inkomunikazio-aldian, eta Arartekoaren gomendioz, egin beharreko grabazioak eskatuko nituzke. Grabazio horietan, existituko balira, delituak, faltak eta giza eskubideen urraketak agertuko lirateke.

Arartekoren azkeneko txostenak, atxilotuaren atxilotze-unetik epailearen aurrera eraman arteko inkomunikazio-aldirako, zera gomendatzen du: atxiloketa bideoz grabatzea, sistematikoa izan behar da, eta poliziaren egoitza eta atxiloketako toki guztiak harrapatu, irudiak ez ezik, grabazio horiek soinua ere grabatu behar dute, atxiloketa gertatzen den unetik bertatik, agenteen eta atxilotuen arteko elkarrekintza toki guztia hartu behar du grabazioak, atxilotua kontra badago bere intimitatea zaintzeko arrazoiak direla eta, bai defentsak, bai giza eskubideak bermatzeko erakundeek, grabazioak eskuratzeko aukera eduki behar dute, grabazioak zaintzeko sistema bat eduki behar da. Haren arduradunak independenteak izan behar dira atxilotuak eta zaintzearen ardura duten unitateen funtzionamenduari eta antolamenduari dagokienez, eta ikuskapenak edo kopien entregen gaineko kontrola eduki beharko lukete eta sistematikoki ikusi beharko lukete grabatutako materiala, edozelako irregulartasunak kanpo uzte aldera. («Berme sistema indartzeko proposamenak: prebentzioko berariazko neurriak». Ararteko. 2011-01-17).

Arartekoaren proposamenak inkomunikazio garaian deliturik ez egoteko dira. Eta torturak, tratu txarrak eta giza eskubideen urraketak delituak dira. Baita urraketa hauek guztiak salatzen dituzten pertsonak isilaraztea eta salaketak ez ikertzea ere. Aldiz, elkartasuna eta maitasuna adieraztea ez dira delituak. Horregatik guztiagatik, euskal presook, jakin ezazue: Senide eta lagunok, maite zaituztegu!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo