GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Josu Jimenez Maia Idazlea

Izotz ondoko eguzki

Gaua Venezian emanda, Veneto-ko hiriburutik Veronarako bidea hartu dugu. Strada-ren (autopistaren) alde banatan mahastiak eta mahastiak, ihintzaz zipriztinduak. Tenperaturarik gabeko goiza: 0 gradu kanpoaldean, buseko termometroak salatzen duenari kasu egitera. Venezia-tik Veronarako bide oso-osoa sakelako telefonoz hizketan eman du buseko gidariak. Ordubete, aise, hitz eta pitz. Italian ez omen dago debekatuta sakelako telefonoz aritzea gidatzen duzularik. Buseko gidari italiarren inguruko mito guztiak egiazkoak direla berresteko aukera paregabea.

Buseko leihotik begira ari naizelarik, eguzki-izpi batzuek argitzen dute inguru izoztua: Izotz ondoko eguzki. Ezinezkoa gogoratzea Lizardiren poema osoa gidariaren kalaka gogaikarria dela bide... Hasierako bertsoaz aparte, ez dut besterik gogoan: Izotz ondoko eguzki.

Veronan, busetik jaisterakoan, gidariak galdetu digu: «Spagnoli?»; «ez, basqui», «a, basqui, separatisti!». Jatorra, gidaria.

Veronan, bero onik ez, hotz handia baizik. Piazza Bra-rantz abiatu gara oinez eta orduan etorri zait burura Xabier Lete zenaren ahotsarekin.

«Izotz-ondoko eguzki,/ neguaren farre:/ olerkariak noizbait/ hiri goratzarre./ Emeki duk itxaroz piztu/ garai-larre:/ udaberri-lamiek/ larreon batzarre.»

Eta Euskal Herrira itzulita, Euskadi Ta Askatasunaren su-eten iraunkor, orokor eta egiaztagarria: Izotz ondoko eguzki.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo