«Altzairuzko oihala» zeharkatzerainoko indarra izan zuten argazkiak, Zarautzen
Zarauzko Photomuseumen 1979. eta 1985. urteen artean Sobietar Batasuneko hainbat argazkilarik egindako lanak biltzen dituen erakusketa dago ikusgai. «Altzairuzko oihala» deiturikoan, nazioarteko argazkilari saloietan parte hartu ahal izan zuten irudiak topatuko ditugu. Horixe izan zen euren lana zabaltzeko aukera bakarra, baita kanpoan egiten zenaren berri jasotzeko iturri bakarra ere. Otsailaren 27ra bitartean bisitatu ahal izango da erakusketa.
Ane ARRUTI | ZARAUTZ
Gerra Hotzaren garaian bitan banatu zuen Altzairuzko Oihalak Europa ez ezik, mundu osoa. Argazkilaritzak, hala ere, oihal hori zeharkatzeko zirrikitu bat zabaldu zien Sobietar Batasuneko hainbat eta hainbat herritarri. Joan-etorriko bidaia bihurtu zen gainera, hangoa mundura zab
altzeaz gain, euren herritik kanpo egiten zena ezagutzeko aukera izaten baitzuten.
Garai hartan egindako argazkiak biltzen ditu “Altzairuzko oihala” talde-erakusketak. Zarauzko Photomuseumen izango da otsailaren 27ra bitartean eta hamasei argazkilariren berrogeitik gora lan topatuko ditugu bertan. Guztiak zuri-beltzean egindakoak dira, nahiz eta lau argazki koloreztatuta edo, orduan deitzen zitzaion moduan, «iluminatuta» egon. Izen batzuk aipatzearren, Aleksandr Buranov, Vladimir Kormiltsev, Sergei Kiselev edo Valeri Bogdanov dira urte haietako irudiak atzeman zituztenak.
Lehiaketak irtenbide
Nazioarteko erakusketak edo argazki lehiaketak izan ziren lan hauek ezagutarazteko aukera bakarra. «Pentsatu behar da momentu hartan argazkilariek Sobietar Batasun aldean ez zutela euren argazkiak erakusteko aukera handirik, ez han eta gutxiago handik kanpo. Lehiaketa bidez lortzen zuten orduan euren argazkiak erakustea. Nazioarteko erakusketa hauek katalogoak egiten zituzten eta parte hartzaile bakoitzari katalogoa bidaltzen zieten. Horrela haiek ere Europa mailan zer nolako argazki motak egiten zituzten jakiteko aukera zuten eta beraien argazkiekin alderatu ahal izaten zituzten», azaldu zuen Photomuseumeko Ramon Serrasek.
«Ateratzeko aukera ere bazen, bestela ez zuten aukerarik eta, behintzat, beren argazkiak ateratzen ziren. Gainera zentsurarik gabe ateratzen ziren. Baimena izaten zuten eta taldekako paketeak bidaltzen zituzten, agian zortzi edo hamar argazkilariren lanak batera etortzen ziren», zehaztu zuen Serrasek. Zortzi-hamar argazkilarik pakete berean sartzen zituzten lehiaketarako argazkiak. «Ez dut uste kontrol handirik zegoenik. Donostian egindako erakusketetara badakit etortzen zirela. Batzuetan nahikoa maila eskasekoak iristen ziren argazkiak eta horiekin batera oso onak. Azkenean katalogoa lortzeko bakarrik bidaltzen zituzten kaskar haiek. Bestalde, erakusketa horietan ordaindu egin behar izaten zen parte hartzeko eta horiek ez zuten inoiz ezer ordaintzen, jendeak bazekien zein egoeratan zeuden eta. Egiten zutena zen hango zigilu politak-edo sartu paketearen barruan, konpentsazio bezala».
Zarautzen ikusgai dauden argazki hauek Iruñeko nazioarteko San Fermin erakusketa ezagunean lehiatu ziren garai hartan. Gaiei dagokienez, denetik topatuko dugu, baina batez ere gizakiarekiko interesa edo ardura eta euren eguneroko bizimodua nabarmentzen da. Badira, hala ere, paisaiak, fotomuntaiak edo biluzi serie bat ere. «Laborategiko lan benetan bereziak egiten zituzten, fotomuntaiak, pazientzia handiz eginikoak... Oso interesgarria da herriaren ikuspegia ematen dutenak, langileak, garai hartan nola janzten ziren... Argazkietan ikusi egiten da hori», esan zuen Serrasek. «Sari asko irabazi zituzten, beste ikuspegi bat zuten argazkietan. Erreportaje gisa indar handia zuten, eta sartzen zituzten argiak, positibatuak... oso ondo egiten zituzten».