«Elkarrizketa sozialean», enpresariak irabazle
Garoñako zentral nuklearrak zabalik jarrai lezake 2013tik aurrera. Gaur egun itxita egon behar zuen, Rodriguez Zapateroren Gobernuak agindutakoaren arabera, baina zentralaren bizialdia urte horretara arte luzatzea erabaki zuen. Orain, ordea, Garoñaren eta Estatuko gainerako zentralen bizialdia luzatzeko aukera hizpide dute Gobernuak eta sindikatu espainolek beren «elkarrizketa sozialean». Sindikatuek ukatu egin zuten erretiroaren adinarekin «kromo trukean» ibiltzeko asmoa zutenik; nolanahi ere, arreta ematen du mahai gainean gai hori jarri izanak. Arraroa ez ezik, onartezina baita sindikatuak, lanpostuen defentsaren aitzakian, energia nuklearraren alde agertzea. Foro Nuklearrak, sektore horretako enpresen interesen ordezkariak, normala denez, berehala txalotu zuen zentralen bizialdia luzatzeko aukera. Gobernuak, bestalde, hasieran Garoña ixteko data ez zutela aldatuko esan bazuen ere, data hori atzeratzeko prest ere agertu zen ondoren. Zentral horren jabe Nuclenorrek Gobernuak esandako datan ixteagatik eskatzen dituen 1.350 milioi euroek seguru asko pisu nabarmena izango dute erabaki horretan; gainera, eskaera horrek Fabrizio Hernandez Nucleorreko exekutibo ohi eta egungo Energia estatu idazkariaren aditu-txostena du alde. Zentzugabekeriaren ondoko zentzugabekeria, inondik ere. Ez enpresarientzat, ordea.