GARA > Idatzia > Euskal Herria

Udalbiltza, epaiaren zain hamabi urte geroago

Eguerdiko hamabiak inguruan elkartuko dira Udalbiltzako auzipetuak Bilbon, epailearen erabakia zein den jakiteko. Gomez Bermudez epaileak berak, ahozko epaiketa amaitu zenean, epaia emateko gutxienez hilabete beharko zuela esan zuen, eta azkenean hiru hilabete geroago iritsi da eguna. Apirilean 12 urte beteko dira Udalbiltza sortzeko Bilboko Euskaldunan egin zen biltzarretik; gaur epaitegiek erakundearen zilegitasuna onartzen duten ala ez ikusiko da.

GARA |

Operazioa gertatu zenetik luze itxaron ondoren eta behin epaiketa igarota, gaur eguerdian ezagutuko dute Udalbiltza kasuko auzipetuek Javier Gomez Bermudez Auzitegi Nazionaleko epailearen erabakia. Sententzia nola ezagutuko duten ziur ez badakite ere, Bilbon bilduko dira eguerdian abokatuen bulegoetan. Litekeena da posta elektronikoz jasotzea erabakiaren berri. Edonola ere, arratsaldean hedabideen aurrean egingo dute auzipetuek jasotakoaren gaineko balorazioa.

Udalbiltza sortu zenetik 12 urtera, beraz, ezagutzear dago Euskal Herrian sortu den lehen erakunde nazionalaren inguruko erabakia. Izan ere, hemeretzi alkate, zinegotzi eta langile ohien kontrako hamarna urteko kartzela zigor eskariaz gain, Fiskaltzak Udalbiltza-Kursaal deitu duten erakundearen, Udalbiltza Partzuergoaren -erakundearen zereginak gauzatu ahal izateko hainbat udalerriren artean sorturiko partzuergo publikoa- eta Euskal Garapen eta Kohesio Funtsaren behin betiko ixtea eta desegitea eskatu zuen epaiketaren azken saioan.

Azken urteotan auzitan izan den Udalbiltza Euskal Herriak izan duen lehen instituzio nazionala izan da. Zehazki, 1.778 udal hautetsik, gehienak EAJ- koak, EHkoak, EAkoak, ABkoak eta independenteak, Bilboko Euskalduna Jauregian aho batez hala erabakita jaio zen 1999ko irailaren 18an. Euskal Herriaren naziotasuna aldarrikatzea, zazpi lurraldeetako Euskal Herriaren egituraketa politikoaren eraikitzeari laguntza ematea, nazio eraikuntza bultzatzea, udalerri guztien harremanak hobetzea eta nazioartean Euskal Herria nazio berezko eta desberdindu gisa erakustea ziren biltzar hartan zehaztutako bost helburuak, 2001ean Kursaalen egindako biltzarrean berretsi ziren berberak. Lehen egitasmoak martxan jarrita, 2000ko udan izan zen EAJko eta EAko hautetsiek Biltzar Nagusia sine die atzeratzea erabaki zutenekoa, baina irailean EHko eta ABko hautetsiak aurka agertu eta 2001eko otsailean egin zen Kursaalen hainbat jatorri politikoetako 700 hautetsiren arteko bilera.

Gauzak horrela, jarritako helburuen gainean lanean hastea erabaki eta hori posible izan zedin Udalbiltza Partzuergoa sortu zuten; Zuberoa Garatzen ekimena jarri zuten martxan, «Euskal Herriaren Eskubideen Karta», Herrien Eskubideen Aldeko Nazioarteko Konferentzia eta Euskal Herriko Naziotasun Aitormenarekin batera.

2003ko udaberrian, bestalde, hauteskundeen gertutasuna zela-eta ezohiko biltzarra egin zuten Tolosan. Biltzarrean ezker abertzalearen hautagai zerrenden legez kanporatzeko prozesuak izan ziren aztergai. Hiru egun geroago, apirilaren 29ko goizaldean, Polizia espainolak, Baltasar Garzon epailearen aginduz, Udalbiltzak Astigarragan, Iruñean eta Bilbon zituen egoitzak itxi eta Udalbiltzako zortzi hautetsi eta langile atxilotu zituen.

Auzipetuekiko elkartasuna, epaiketaren azken eguna arte

Erakundearen egoitzen itxieraren ondoren zein epaiketan zehar gertatu den bezala, Udalbiltzaren aldeko elkarreratzeak izan ziren atzo Euskal Herrian. Iruñean eguerdian egin zuten mobilizazioa eta 100 lagun inguru bildu ziren Udaletxeko Plazan. Auzipetuekin eta hiritarrekin batera, hainbat elkarteren ordezkariak izan ziren, hala nola, Behatokia, Sasoia, Sortzen-Ikasbatuaz... ``Justizia=absoluzioa'' eta ``Udalbiltza aske'' zioten kartelak erakutsi zituzten toki guztietan.

Orotara, 20 hiri eta herri baino gehiagotan azaldu zitzaien sostengua auzipetuei eta nabarmendu zen, aldi berean, Udalbiltza beharrezkoa dela. Gainerako ekimen guztiak arratsaldean izan ziren. GARA

Fiskalaren zigor eskaerak

Loren Arkotxa. 10 urte. Udalbiltzako lehendakari eta Ondarroako alkate ohia.

Xabier Iragorri. 10 urte. Oiartzungo alkate ohia.

Joseba Garmendia. 10 urte. Urretxuko zinegotzi ohia.

Juan Carlos Alduntzin. 10 urte. Pasaiako alkate ohia.

Maribi Ugarteburu. 10 urte. Amorotoko alkate ohia.

Lander Etxebarria. 10 urte. Bilboko zinegotzi ohia.

Ibon Arbulu. 10 urte. Bilboko zinegotzi ohia.

Expe Iriarte. 10 urte. Iruñeko zinegotzi ohia.

Eider Casanova. 10 urte. Barakaldoko zinegotzi ohia.

Imanol Esnaola. 10 urte. Lezoko zinegotzi ohia.

Larraitz Sanzberro. 10 urte. Oiartzungo zinegotzi ohia.

Karmele Urbistondo. 10 urte. Urnietako zinegotzi ohia.

Miren Josu Aranburu. 10 urte. Urretxuko zinegotzi ohia.

Urko Irastorza. 10 urte. Lazkaoko zinegotzi ohia.

Miren Odriozola. 10 urte. Azpeitiko zinegotzi ohia.

Oskar Goñi. 10 urte. Berako zinegotzi ohia.

Txema Jurado. 10 urte. Atarrabiako zinegotzi ohia.

Jasone Astibia. 10 urte. Zubietako zinegotzi ohia.

Leire Idoiaga. 10 urte. Udalbiltzako langile ohia.

Xabier Alegria. Fiskalak ez du zigorrik eskatu.

Xarlo Etxezaharreta. Ez da epaiketan izan, berak hala erabaki bezala.

Miriam Campos. Akusazio beragatik epaitua zegoela-eta, hasieratik utzi zuten kanpoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo