Ibon Artola Euskal Herria Sozialistako kidea
Urtarrilaren 27ko greba eta borrokaren jarraipena
E-29ko eta I-29ko greben ondoren, gauza bat bistakoa da: lan erreforma bi greba orokorrekin gelditu ez bazen, beharrezkoa da gizarteko geruza berriak mobilizaziora erantsiko dituen eta sendotasun handiagoa emateko denboran iraungo duen estrategiaLan erreformaren ondoren, langile klasearen aurkako erasoek jarraitu egin dute. PSOEren Gobernuaren plan guztiek helburu argi bat dute: kapitalisten interesak eta irabaziak defendatzea beren sistemaren krisiaren aurrean. Azken neurrietako bat langabezia laguntza agortuta eta karga familiarrak zituzten langabeen 426 euroko laguntzaren ezabaketa izan da. Aldi berean, dirua eta ondare publikoa oparitu zaie beste behin gehien dutenei AENA eta Estatuaren Loteria eta Apustuak enpresen pribatizazio partzialarekin, Madrileko eta Bartzelonako aireportuen kudeaketaren pribatizazio osoarekin eta enpresen zergen murrizketa berriekin. Eta orain erretiro adina atzeratzea nahi duen pentsioen erreforma dator.
Estatu espainoleko erregeak azaroaren 15ean eta Zapaterok azaroaren 27an Estatuko 37 kapitalista garrantzitsuenekin (bertan ziren euskal kapitalista nagusiak) egindako bileren ondoren, garbi dago PSOEren Gobernuak langileak erasotzen jarraituko duela. Hartzen ari diren neurriek erakusten dute demokrazia burgesaren faltsutasuna. Hego Euskal Herriko eta Estatu espainoleko biztanleriaren gehiengoaren bizitza 37 familia aberatsenen diktadurak gobernatua dago. Gutxiengo bat diren parasito hauek ez ditu inork aukeratu, baina, hala ere, dena erabakitzen ari dira, ez bakarrik maila ekonomikoan, baita politikoan ere.
Langile klaseak eta gazteriak ditugun erasoen larritasunak erakusten du jarraitu beharreko bidea Ipar Euskal Herriko eta Estatu frantseseko sindikatuek hasitakoa dela, hau da, ekintza sindikalaren batasunarena. Burgesia elkartuta mantentzen bada langile mugimenduaren aurka, langileok ere beharrezkoa dugu gure indarrak elkartzea. Ekintza sindikalaren batasuna beharrezkoa da; langileen zatiketaz onura ateratzen duten bakarrak bankariak eta enpresariak dira. Borroka bateratuak ez du esan nahi sindikatu batek bere errebindikazioak alde batera utzi edo gainontzeko sindikatuak kritikatzeari utzi behar dionik; guztiz aurkakoa, hori posible da eta beharrezkoa gainera. Burgesia espainolaren eta euskal herritarraren eraso bateratuen aurrean, beharrezkoa da langile mugimendua elkartuko duen politika defentsibo bat. Batasun hau posible da iragan den urtean zehar ELA, LAB, UGT eta CCOOk antolatutako mobilizazio bateratuetan frogatu den bezala. Azken adibidea lau sindikatuek igandeetan eta jai egunetan komertzioak irekitzearen aurka abenduaren 19an Bilbon antolatutako manifestazioa da. Horregatik, kasu honetan, UGT eta CCOOk euskal gehiengo sindikalak pentsioen erreformaren aurka antolatutako urtarrilaren 27ko greba orokorra babestu behar dute. Horixe bera egin behar du CIG sindikatu galiziarrak Galiziarako egun berean antolatutako greba orokorrarekin eta, nola ez, greba orokorra Estatu osora zabaldu beharko lukete.
Ekintza sindikalaren batasunarekin eta langileek borrokarako duten borondatearekin posible da erasoei aurre egitea. Helburu honetan, urtarrilaren 27ko greba orokorraren deialdia pauso garrantzitsu bat da. Baina urtarrilaren 27ko greba orokorrak jarraipena izan behar du, langile klasearen antolakuntza maila eta kontzientzia igoko dituen goranzko borroka prozesu batekin. E-29ko eta I-29ko greben ondoren, gauza bat bistakoa da: bi greba orokorrekin lan erreforma geratu ez bazen, beharrezkoa da gizarteko geruza berriak mobilizaziora erantsiko dituen eta sendotasun handiagoa emateko denboran iraungo duen estrategia. Langile eta gazte frantziarren errebolta soziala, 1968ko maiatzetik handiena, edo langile greziarren borroka, inspiratu behar gaituzten adibideak dira. Burgesiaren planak geratzeko beharrezkoa da ekintza plan erabateko bat, eta U-27aren ondoren erasoak ez badira atzera botatzen, agintari sindikalek plan horretan 48 orduko greba orokor berri baten deialdia sartu behar dute.
Garai historikoen aurrean gaude. Greba orokorrek, kapitalismoaren krisia eta honen ondorio larriak borrokatzeko langileen adierazpen antolatua direnek, ardatz bezala izan behar dute programa antikapitalista eta sozialista baten defentsa. Sistema ustel honen erasoekin bukatzeko modu bakarra sozialismoaren alde borrokatzea da, banka eta monopolio handiak langileen kontrolpe demokratikoan nazionalizatuz. Modu honetan langabe- ziaren amesgaiztoa ezabatu genezake eta hezkuntza, osasuna eta zerbitzu publiko eta duinak bermatu.