GARA > Idatzia > Kultura

ESZENAK

«Motx», ekialdeko europarren inguruko estereotipoak zirkuan eta motzean

Akrobazia, magia eta aktore jokoak elkartzen dituen «Motx» izeneko ikusgarri berria kaleratu du Kilikolo zirku konpainiak. Boris eta Natalia izeneko pertsonaien bidez, Europako ekialdeko herritarren inguruan dugun irudi «estereotipatua» parodiatu nahi izan dute. Gaur arratsean estreinatuko dute Angeluko Baroja zalditegian ikuskizuna formatu laburrean. Maiatzaren 13 eta 14an, berriz, Luhuson izango dira obraren birmoldaketa erakusten.

p049_f01_97x160.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

«Motx» izenburua eman dio Kilikolo zirku taldeak gaur arratsean Angeluko Baroja zalditegiko karpan estreinakoz aurkeztuko duen ikusgarri berriari. Sorkuntzaren izenak aditzera ematen duen bezala, egitura motz edo laburreko ikuskizuna da.

Taldeko artistek argitu dutenez, Barojan eginen duten emanaldirako bereziki sortua izan da lan hau. Eta zirku talde honek 2009an kaleratu zuen «Bi» izeneko antzezlanean bezala, konpainiako bi partaide, Aitz Amilibia eta Laetitia Boumeddane, izanen dira lan honetan protagonista.

«Formula arin batekin abiatzea pentsatu dugu. Ilusio handia, magia eta akrobazia biltzen ditugu ikuskizunean. Bi artistaren artean egitea pentsatu dugu, formula horrekin oso eroso sentitzen baikara eta oso harreman ona baitugu. Gainera, ez da beti erraza izaten konpainiako artista guztiak biltzea saioak egiteko», adierazi zuen Laetitiak Boumeddanek.

Formato luzea abian

Europa ekialdetik datozen Natalia eta Boris izeneko bi pertsonaia biltzen ditu «Motx» lanak. Boris aztia da eta Natalia, berriz, bere laguntzailea. Europa mendebaldeko herritarrek errusiarren inguruan dituzten «estereotipoak» agerian uzten ditu Boris pertsonaiak: hoztasuna, zuzentasuna, etsipena. Natalia, berriz, alkoholikoa da.

Borisek eta Nataliak magia eta akrobazia jokoetan nagusitzen den ohiz kanpoko mundu «ero» batera eramanen dituzte ikusleak. «Europa ekialdeko bizilagunez dugun irudiaren karikatura edo parodia egin nahi izan dugu lan honen bidez. Akrobazia, zirkua, magia eta aktore jokoak elkartzen dira obran. Bi pertsonaien inguruko historia kontatzen dugu, eta horretarako mugimendua baliatzen dugu», gehitu zuen Laetitiak.

Gaur arratsean eskainiko dute lana Angelun, Les Acrostiche Estatu frantseseko Tolosako taldearen ikuskizunaren lehenengo zatian. Eta iraupenak obran garrantzia duenez, Laetitiak hamabost minutu irauten zituela gogorarazi zuen.

Ikusgarria luzatu

Antzezlanaren neurri horrekin hasten badira ere, 2011. urte bukaeran hiru ordu laurdeneko ikusgarria eskaintzeko asmoa dauka Kilikolo zirku taldek. «Ikusgarri horren oinarrian beti izango ditugu Natalia eta Boris pertsonaiak, baina ondotik bilakaera bat izango dute», argitu zuen Laetitiak.

Maiatzaren 13 eta 14an, Luhusoko aretoan izango da berriz konpainia. Bertan «Motx» ikusgarriaren formula luzatua erakutsiko dute.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo