GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Xabier Silveira Bertsolaria

Ikuspegiak, ikusgezurrak

Badirudi miraria gertatzen hasia dela, baina ez gaitezen inozoak izan. ETAren jarduna eteteak ez du bere horretan gatazkaren amaiera bermatzen

Darwinen bila dabil Nafarroa erdia. Nafarroa osoa agian. Erdia edo osoa, dena dela ere, erdi eta erdi banatuko zen bilaketan parte hartzen ari diren artekoen ustea: Darwin maite dutenek bizirik jarraituko duen esperantza mantentzen duten bitartean, soldatapean haren arrastorik ere aurkitu ez arren bilaketarekin jarraitu beharra daukatenek erabat alderantzizko ustea darabilte; hilik dagoen konbentzimendua, alegia. Ikuspegiak erlatibizatzen du guztia, are gehiago sagardotegi garaia zabaltzen den egunetan. Botilatik edateko irrikan denari laster irudituko zaio erdi hustu duela, botila pistola buruan jarri diotelako hustu behar duenari beti erdi beteta jarraitzen duela irudituko zaion moduan. Irudipen horiek ordea, ez batean ez bestean sustrairik ez dute aurkituko, lehenaren kasuan, ia beterik duen arren, iruditzen baitzaio erdi hutsa eta, bigarrenari, bukatzear duenean ere erdi betea.

Badut lagun bat zeinak sentimenduak bere klitorira mugatzen dituen... aiba dios, barkatu, hori gaztetan idatzi nuen abesti baten hasiera zen. Badut lagun bat zeinak beti gatazka politikomilitarraz idaztea leporatzen didan, gero oso gutxitan irakurtzen nauela onartzen duen arren. Harreman eta laguntasun berezia da gurea; botila erdi hutsik edo erdi beterik noiz dagoen, horretan ia beti bat gatozen arren, ezin ados jarri botilak barruan gordetzen duenaren inguruan: nik olioa ikusten dudanean, berak, ozpina. Etiketan, ordea, argi eta garbi idatzirik dago: Eau de mo.

Bihar berriro botako dit betiko sermoi berbera, beti gatazka aipu eta inoiz ez pertsonak, esango dit. Eta nik galdetuko diot ea Xafan ez den pertsona, ea bere etxekoak ez diren pertsonak. Galdetuko diot Txelui telebistan ikusi zuenean bere semea nora zeramaten ongi baino hobeki jakinik bere aurpegira begiratzean pertsona bat edo gatazka ikusi ote zuen. Galdetuko diot ea ez ote den gatazka pertsona soil bezala pertsonen arazo estandarrez bakarrik arduratzeko eskubidea lapurtzen diguna. Eta erratuko naiz galderan, ez baita gatazka gure eskubideak erabat oztopatzen dituena, Espainia baizik. Bere alderdi politiko guztiekin, bere lumadun sikarioekin, bere ramboekin, bere desberdinarekiko gorrotoarekin, bere askatasuna ulertzeko gaitasun ezarekin.

Nola begiratu, halaxe ikusi. Nola sentitu, hala sufritu. Bukaeraren hasiera, bukaeraren bukaera, hasieraren hasiera... Gaur zein egun den denak ados inoiz jarriko garen zantzurik nimiñoena ere ez diot hartzen honi. Baina nor da tronpatzen? Zu edo ni?

Udalbiltzaren sumarioan auzipetutakoak absolbitu izana berri ona da. Ez, ordea, txoriekin eta loreekin amesten hasteko bezainbat. Badirudi miraria gertatzen hasia dela, baina ez gaitezen inozoak izan. ETAren jarduna eteteak ez du bere horretan gatazkaren amaiera bermatzen, ezta gatazka armatuarena ere, sikiera. Gatazka armatua ez zen hasi ETA sortu zenean eta ez da bukatuko ETAren ekintza armatuak amaitu direnean. Gatazka armatua estatuak biolentzia erabiltzeari uzten dionean amaituko da eta, gatazka, Espainia gure bizitzetatik desagertzen denean. Bitartean beti egongo dira botilak, erdi hutsak batzuetan, erdi beteak besteetan, hutsak bestetan... ikuspegi desberdinak diren «ikusgezur» inposatuak. Hau da, gatazka.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo