GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

2011ko Tourreko azken txartelak

Mentxov eta Sastre, Tourretik kanpo

Matxinen Geox at utzita, Francaise Des Jeux, Cofidis, Saur-Sojasun eta Europcar-ek osatuko dute Tourreko 22 taldeko zerrenda.

p030_f01.jpg

GARA | BILBO

Ez en azken orduko sorpresarik izan eta, beraz, aurtengo Tourrean ez da Josean Fernandez Matxin-en Geox-TMC taldea ariko. Txirrindularitza lasterketa garrantzitsuena antolatzen duen ASO erakundeak atzo banatu zituen azken gonbidapenak eta Estatu frantseseko lau talde hautatu zituen 22 taldeko zerrenda osatzeko: Francaise Des Jeux, Cofidis, Saur-Sojasun eta Europcar, alegia. Ondorioz, Tourreko podiuma zapaltzea zer den badakiten bi txirrindulari, Carlos Sastre -2008ko txapelduna- eta Denis Mentxov -iazko hirugarrena- aipatu balentriak errepikatzeko aukerarik gabe geratuko dira.

ProTourretik kanpo geratzearen ondorio da Geox-TMC taldearentzat atzo jasotako kolpea. AG2R, BMC, Euskaltel-Euskadi, HTC-Highroad, Katusha, Lampre-ISD, Liquigas-Cannondale, Movistar Team, Omega Pharma-Lotto, Astana, Quick Step, Rabobank, Saxo Bank-SunGard, Sky, Garmin-Cervelo, Leopard-Trek, RadioShack eta Vacansoleil taldeek, ProTourrekoak direlako, lekua bermaturik zuten uztailaren 2tik 24ra jokatuko den proban. Gainontzekoek, berriz, antolakuntzaren onespena behar zuten beste 18 talde hauekin batera aritzeko.

Dena den, duela oso egun gutxi, «itxaropentsu» mintzo zen taldeko managerra, Mauro Gianetti txirrindulari ohia. «Konpetentzia handia izango dela badakigu, baina ASOren aurrean egin genuen aurkezpena ona izan zelakoan gaude. Beraz, nahiz eta zaila izango dela jakin, gonbidatuko gaituzten itxaropena daukat», adierazi zuen. Usteak erdia ustel, ordea. Ondorioz, Vuelta edo Giroan zentratu beharko dute. Arraroa litzateke beste itzuli handi hauek ASO-ren jarrera berbera hartzea. Esan behar, martxoaren 6tik 13ra egingo den Paris-Niza probatik ere kanpo utzi duela ASOk Geox-TMC.

Geox-en ordez, ohiko Francaise Des Jeux eta Cofidis taldeez gain, Boygues Telecom taldearen oinordekotza hartu duen Europcar taldea eta Saur-Sojasun hautatu zituen Tourraren antolatzaileek. Hala, nolabait esatearren, talde «borrokalariak» gonbidatu dituzte, etapa garaipenen bila ihesaldietan sartzen ahalegin berezia egin beharko luketenak, ez baitute, Gianetti-ren eta Matxin-en taldeak ez bezala, berez sailkapen nagusian aurrean izateko moduko txirrindularirik -Cofidiseko David Moncoutie aurrean ibil liteke, baina etapa ehizan beste ezertan baino gehiago-.

Saur-Sojasun taldea izan da aurtengo berrikuntza nagusia, iazko Tourretik at geratu ostean; bere partaiderik ezagunena Jimmy Casper da. Azken honek 2006ko Tourrean etapa garaipena lortu zuen.

Matthews eta Ferrari garaile

Txirrindularitza, hala ere, ez da uztaileko kontuetatik bakarrik bizi. Denboraldia hasi berri den honetan, Down Under Tourra eta San Luiseko itzulia ari dira jokatzen. Biek ala biek hirugarren etapa izan zuten atzo eta Rabobank taldeko Michael Matthews-ek eta Androni-Giocatolli-ko Roberto Ferrarik irabazi zuten, hurrenez hurren.

Australiako lasterketan lider aldaketa izan da, HTC-Highroad taldeko Matthew Goss da orain sailkapen nagusiko burua. Argentinako San Luisgo itzulian, berriz, Androni-ko Jose Serpa da oraindik ere liderra.

 
Pat McQuaid: «Errudun zein errugabe, Contadorrek min handia egin du»

Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasuneko -UCI- presidentea, Pat McQuaid, «haserre» mintzo zen atzo, «Le Parisien» egunkariari eskainiriko elkarrizketan, Alberto Contador dopinarekin lotzen duen auzia dela-eta.

McQuaiden hitzetan, «errudun zein errugabe, Contadorrek min handia egin du. Ez nuke auzi honi buruz berau amaitu aurretik hitz egin nahi, baina bere gernuan klenbuterola aurkitu izana Tourrarentzat oso kaltegarria da».

Txirrindulari madrildarrak aurtengo Tourrean parte hartzerik izango duen ala ez galdetuta, «pragmatiko» izaten saiatu zen UCIko presidentea. «Martxoa baino lehen auzia argitzeke balego, Tourra prestatzen hasteko beranduegi izango litzateke». «Espero dezagun, bada, azken erabakia ahalik eta arinen irits dadila», gaineratu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo