Australiako Irekia
Shuai Peng txinatarrak Jelena Jankovic, munduko zazpigarrena, etxera bidali du
GARA | MELBOURNE
Iritsi da halakoren batean Australiako Irekiko aurreneko sorpresa handia. Shuai Peng txinatarrak Jelena Jankovic, zazpigarren serie-burua, kalera bidali zuen atzo. Bi set aski izan zituen WTA emakume tenislarien zerrendan 54. postuan dagoen jokalariak serbiarra garaitzeko: 7-6 (7-3) eta 6-3.
Jankovic ez zen etxera burumakur itzuli behar izan zuen serie-buru bakarra. Serbiarraz gain, Maria Kirilenko errusiarra, 18. serie-burua, ere galtzaile atera zen Iveta Benesova txekiarraren aurka, 6-3 eta 6-1.
Ostera, Vera Zvonareva munduko bigarrenak ere gorriak ikusi zituen Bojana Jovanovski serbiarrari 2-6, 6-3 eta 6-1 irabazteko.
Llodra eta Nalbandian, kalera
Ez zen hainbesterainoko ezustekorik gertatu gizonezkoen artean. Dena den, bi serie-buruk etxerako bidea hartu zuten. Batetik, Michael Llodrak, munduko hogeigarrenak, Milos Raonic kanadarraren aurka galdu zuen: 7-6 (7-3), 6-3 eta 7-6 (7-4). Bestetik, David Nalbandian argentinarra min hartuta erretiratu zen Lituaniako Richard Berankis-en aurka, aurreneko setak 6-1 eta 6-0 galdu ondoren.
Askoz errazago nagusitu ziren Rafa Nadal, Robin Soderling eta Andy Murray serie- buruak. Emakumezkoen artean ere, Kim Clijsters munduko hirugarrenak eta Samantha Stosur bosgarrenak Carla Suarez eta Vera Dushevina airean menperatu zituzten: 6-1 eta 6-3, eta 6-3 eta 6-2, hurrenez hurren.