Berezkoen Binakakoa
Agusti Waltari txapelduna Senperen abiatuko da, Lanberten aurka neurtuz
Jon LEUNDA
Final-laurdenetako azkeneko norgehiagokak jokatuko dira asteburu honetan, eta urtarrilaren 30ean abiatuko da finalerdietako ligaxka. Gaur, gainera, egungo txapelduna, Agusti Waltari sartuko da lehian.
Kubatarrak Laurent Lanberten aurka jokatuko du bere trinket kutunetako batean, Senperen. Aurkaria da lehiaketa honetako ezustea, izan ere, hastapenetik ari den bakarrenetakoa da, bai behintzat partida guztiak jokatuta. Agirre eta Lazkano utzi ditu bazterrean. Txapeldunak, berriz, lehen norgehiagoka du aurtengo lehiaketan, eta horiek beti arriskutsuak baldin badira ere, gaurko kanporaketa irabazteko faborito nagusia izango da. Horren erakusgarri, dirua bere alde aterako da nabarmen.
Jokoan sartuko den bestea Andde Kurutxari da. Nafarroa Beherekoak Alfaroren aurka jokatuko du Senpereko jaialdiko bigarren partidan. Azken honek kanporaketa bat gaindituta du jadanik, lehen partidan Larretxea utzi baitzuen bazterrean. Lehen neurketan bezainbesteko alderik ez da egongo apustuetan, baina hemen ere Kurutxari faborito nabarmena da. Partidak 19.00etan hasiko dira.
Bihar, berriz, Baionan jokatuko dira beste bi neurketak, eta 17.00etan hasiko da jaialdia. Lehen kanporaketan Ozafrain Bonebeltxen aurka neurtuko da. Bi hauek neurtu berri dira, Superprestigioan lehiatu baitziren, eta orduan Bonebeltxek ezustea eman zuen. Gero, Ezkurra II.a eta Harizmendi neurtuko dira. Superprestigioan ere lehiatu ziren horiek, eta orduan Harizmendik irabazi zuen.