Nazioarteko musikariak gurean, gaur hasi eta datorren asteartera arte
Anartz BILBAO | BILBO
Gaur Faustine Seilmanekin Gasteizen hasi eta datorren asteartean Dave Hillyardekin Bilbon bukatu arte, egunero nazioarteko proposamen bat emango dugu hemen, tartean soinu gogorragoak direla.
Faustine Seilman Nantes hiritik dator, pianoa lagun. Frantziarrak Vic Chesnutt bezalako musikari ospetsuekin jo izan du eta «Whispers & Shouts» lan berria aurkeztuko du Iguana aretoan, bere neba Jonathan Seilmanekin batera lauko talde bat osatuta.
Doinu gozoak atzean utzi eta metaleko klasiko batzuen txanda dugu bihar, Accept talde indartsuak hartuko baitu Barakaldoko Rockstar Live aretoa, Steelwing-ekin batera. Azken hauek «Lord of the wasteland» dute aurkezgai, eta iaz bueltatu ziren germaniar klasikoek, berriz, «Blood of the Nations», Udo ordezkatu duen Mark Tornillo ahotsean dela. Ikusi beharko da iraganeko grina mantendu edo urteen poderioz moteldu ote diren.
Bilbotik Nafarroara jo eta hemen ere metal doinuak nagusi, honakoan Combichrist taldearekin. 2003an sortutako norvegiar aggrotech boskoteak Rammstein taldearen birak zabaldu ditu, eta «Making Monsters» dute azken lana. Beraiekin batera rock industriala jorratzen duen Mortiis izango da Atarrabiako Totem aretoan, norvegiarrak hauek ere.
Asteburua bukatutzat eman eta Bilbora bueltatuta, aspaldiko lagun baten bisita jasoko dugu BBK aretoan, Wilko Johnson ondo ezaguna baita gurean. Hain sarri jo du gurean, Athletic-en ere jokatu ahal izango lukeela dagoeneko, adinagatik ez balitz. Izan ere, Johnson eskarmentu handiko musikaria da, Dr. Feelgood sonatuetako partaide izandakoa, eta oraindik ere gitarra zorrotzari txinpartak ateratzeko gai dena.
Ska dantza
Eta bukaerara helduta, doinu gozoetara bueltatuko gara, ska erritmoetan dantzatzera. Bizkaiko hiriburuko El Balcon de la Lola aretoak David Hillyard aurkezten du bertan, Rocksteady 7 taldeak lagundua. Hillyard saxofoi-jotzailea ere ez da arrotza euskal musikazaleentzat, Erromoko Brixton Records zigiluan plazaratu baitzuen 2009ko «Get Back Up!» azken diskoa.
Kaliforniarra The Slackers taldeko partaide izana da eta, besteak beste, Rancid taldearekin ere egin izan ditu elkarlanak.