Elikadura eta ingurumena, Euskal Herriaren osasun kaskarraren isla
Euskal Herria osasuna galtzen ari dela salatu zuen atzo EHNE sindikatuak 40 bat traktorek osaturiko martxa eginez. Horren erakusle dira, sindikatuaren esanetan, jaten dugunaren inguruko ezagutza gero eta urriagoa dela eta ingurumena etengabe kaltetzen dugula.
A.Z. |
«Euskal Herria osasuna galtzen ari da». Horixe da EHNE sindikatuak atzo abiarazitako kanpainaren mezu nagusia. Osasun galtze horren adierazle nagusiak dira, sindikatuaren iritziz, euskal jendarteak gero eta gutxiago duela jaten duenaren berri eta ingurumena etengabe kaltetzen dela.
Atzokoan traktoreak baserritik atera eta Donostiako Bulebarreraino joan ziren baserritarrak euren aldarrikapenak eta salaketak gizarteratzeko asmoz.
Hala, Beasainen hasi zuten «traktorada» goizeko bederatzietan. Jarraian, N-1 errepidean aurrera egin ahala traktoreak batu zitzaizkion martxari, besteak beste, Tolosan, Villabonan eta Galarretan.
Azkenik, 40 bat traktore iritsi ziren Donostiako Bulebarrera. Bertan hainbat baserritar zituzten zain «Euskal Herria osasuna galtzen ari da» leloa zuen pankartarekin.
Errealitatearen berri eman
Sindikatuak azaldu zuenez, abiarazi duten kanpainaren helburua nekazaritzaren egoeraz haratago joanda Euskal Herria osasuna galtzen ari dela ohartaraztea da. Hain zuzen, herritarrei errealitate horren berri eman nahi diete, jendarteak informazio hori jaso behar duela uste baitute.
Besteak beste, baserritarrek euren produktuen truke oso diru gutxi jasotzen dutela salatu zuen EHNEk. Zentzu honetan, «esnearen prezioaren jaitsiera izugarria» gogora ekarri zuen sindikatuak eta horrek eraginda ustiategi asko itxi egin behar izan dituztela.
Hala, zer kontsumitzen duten kontuan har dezatela eskatu zieten baserritarrek herritarrei. Izan ere, lekukoak ez diren produktuak kontsumitzeak «gizarte osoa» kaltetzen duela nabarmendu zuten eta, hortaz, kontzientzia har dezaten eskatu zieten herritarrei.
Atzokoa lehen protesta ekimena izan zen, baina datozen asteetan ere mobilizazio eta ekintza ugari egingo dituztela esan zuten EHNEko ordezkariek Euskal Herria osasuna galtzen ari dela agerian uzteko.
Era berean, datorren urtarrilaren 27rako Euskal Herriko gehiengo sindikalak deitu duen greba egunaren harira, izango diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zien sindikatuak baserritarrei.
Lekukoak ez diren produktuak kontsumitzeak «gizarte osoa» kaltetzen duela esan zuen EHNEk eta kontzientzia hartzeko eskatu zien herritarrei.