GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Joxe Iriarte, «Bikila» Idazlea

Gerraz eta bakeaz

Ikas dezagun erruetatik (bakoitzak bereetatik lehenbizi) eta oraingo hau izan dadila behin betikoa eta aurrerantzean ez dadila gertatu, berriro, ezusteko txarrik

Askotan esan dut eta errepikatu egingo dut, besterik gabe. ETAk borroka armatua utz dezan nire arrazoi nagusiak ez dira inondik inora sistema politikoa demokratikoa delako; ezta elkarrizketa eta kontsentsua direlako ere arazoak konpontzeko modu bakarra (borrokarik gabe, gu beti galtzaile).

Nire arrazoiak beste motatakoak dira: hartzen dugun aldetik hartzen dugula, borroka armatuak sufrimendua luzatzeaz gain, gero eta eragin negatiboagoak ditu gurean: gatazkatik (politikotik jakina) irteteko behar den indar metaketa oztopatzen du; leku gehiegi betetzen du gure zereginetan; ia-ia gure indar intelektual eta politiko guztiak xahutzen ditu; dogmakeria eta setakeria ernarazten du, oskol-kultura bat elikatuz, eta erdietsi nahi ditugun helburu politikoak usteltzen ditu okerreko bitartekoen bidez... Eta batez ere, euskal ezkerra berrantolatzeko eta estrategia berriak asmatzeko oztopo nagusia bihurtu delako. Hots, ETAk bere kabuz utziko balu borroka armatua, ezker abertzalearen eskuetan utziz bere mundua osatzen duen unibertsoaren berrantolaketa, izugarrizko mesedea egingo liguke.

Azkenean etorri da ETAren agiria. Ez nik nahiko nukeen bezain modu zehatz eta erabatekoan, baina hilaren 8ko manifestazioaren leloarekin bat eginik, urrats garrantzitsu bat egin da. Izan ere, inoiz ez da beranduegi estrategiaz aldatzeko, eta alde horretatik ongi etorria da ETAren erabakia.

Baina ikas dezagun erruetatik (bakoitzak bereetatik, lehendabizi) eta oraingo hau izan dadila behin betikoa eta aurrerantzean ez dadila gertatu, berriro, ezusteko txarrik. Hau da, aurrean izango diren oztopoak duela hamar urtekoak baino askoz gogorragoak izango baitira gainditzeko. Presoen arazoa konpontzeko edo Alderdien Legeak ezarritakoak gainditzeko, adibidez. Ezker abertzaleak inoiz baino pazientzia eta irmotasun gehiago erakutsi beharko du hautu berriari eutsi ahal izateko. Eta ETAk zer esanik ez!

Izango da beta alferrik galdutako Lizarra-Garazitik honako hamar urteen balantzea egiteko, eta oro har trantsiziotik honako borroka armatuarena ere bai.

Dena den, arlo politikoan bake nahia bidea egiten ari den bitartean, arlo sozialean gerrarenak gero eta nabarmenagoak dira. Hots, kapitalak eta haren erakunde eta instituzioek gobernu morroien laguntzaz klase-gerra gordina deklaratu diote langileriari eta herritar orori. Eta gerra horretan gero eta latzago joko du. Aire-kontrolatzaileen aferarekin egin duena adibide bat besterik ez da. Kontrolatzaileen akatsak akats, greba hori Gobernuari baliagarri izan zaio aginte erakustaldia egiteko, eta militarrak erabiltzea beharrezkoa badu, egingo duela erakusteko. «Estatuari pultsua botatzen dionak badaki galdu egingo duela» (Rubalcalba dixit). Horrelakoak dira gure agintariak: beraiek baino ahulagoekin harro eta gupidagabe; nagusi eta jabeen aurrean, zakurra bezain apal eta leial.

Zorionez, urtarrilaren 27an, Euskal Herrian, berriro, greba orokorra izango dugu pentsioen erreformaren aurka. Zenbaterainoko eta zer-nolako eragina izango duen gizartean, kontuan izanik nork eta nola konbokatua den, beste kupeleko sagardoa dugu. Askotan esan dut greba orokorra (bere mugak kontuan izanik) dugula tresnarik eragin- korrenetakoa krisiari aurre egiteko. Baldin eta indar metaketa ahalik eta zabalena egiten bada, ekintza isolatu bat bezala ez bada ulertzen. Eta, egin ondoren, sindikatuak neguko kasernetara edo betiko martxara itzultzen ez badira. Eta zoritxarrez, egin diren greba orokor guztiek, arrazoi bat edo bestearengatik, ez dute baldintza hori bete.

Horrez gainera, gurean egitea ez da aski. «Gure beharra ere bada, langile gisa eta nazio gisa, Madrilgo eta Bartzelonako, Sevillako eta Parisko, Marsellako eta Baionako langileekin batera jotzea kapitalismoaren aurka eta askatasunaren alde. Jokabide sindikal salduak kritikatuz, estatuen mailan eta Europa mailan borroka-elkartasun esperientziak egitea garrantzitsua da». Antzeko zerbait idatzi nuen irailaren 27rako, eta iritzi berarekin jarraitzen dut. Beste baterako utziko dut zatiketa sindikalaren nondik norakoak aztertzea, baina garbi esan nahi dut: gobernuek (Madrilgoak eta bertakoak) eta patronalek duten jarrerari gogor eta batuta erantzuten ez badiogu, jai dugu!

Krisiak, gorabeherak alde batera utzita, luze joko du, eta konpontzen bada, planetaren lurralde eta zoko guztietan ematen ari den indar harremanen lehiak erabakiko du norabidea. Beraz, ez gara onik aterako krisi egoeratik gizakia eta natura muturreko egoera batera eraman duen sistema hori pikutara bidaltzen ez badugu, eta aldi berean beste gizarte mota bat sortzeko pauso sendoak ematen ez baditugu, bai Euskal Herrian, bai munduan. Eta horretarako estrategia bat gauzatu behar du bai ezker sozialak, bai ezker politikoak. Gerta ahala gerta, estrategia garbi eta gupidagabea darama aurrera Kapitalak. Guk geurea gauzatzeko gai izan behar dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo