Cavacok Portugalgo presidente izaten jarraituko du, azken inkesten arabera
Azken orduko inkestek erakusten dutenez, Portugalek ez du presidente berririk izango igandean egingo diren hauteskundeen ostean. Izan ere, aurreikusten denez, egungo presidente Anibal Cavacok garaipen erosoa lortuko baitu aurreneko itzulian, ia %60ko babesarekin.
GARA |
Bihar egitekoak dira Portugalgo presidentetzarako hauteskundeak eta Anibal Cavako egungo estatuburuak eroso erdietsiko du garaipena, Portugalgo prentsak atzo bertan argitaratutako hiru inkestek aditzera ematen zutenez.
Kanpainaren azken eguna zuten atzo, eta Cavaco kontserbadoreak, beherakada txiki bat izan duen arren, %54,6 eta %59 arteko boto kopurua eskuratuko lukeela diote inkestek. Haren aurkaririk hurbilenak, Manuel Alegre sozialdemokratak, berriz, botoen %22-25 bilduko lituzke.
Gainerako hautagaiak are eta urrunago geratu zaizkio egungo presidenteari: Fernando Nobre independenteak, botoen %10 inguru batuko ditu; Francisco Lopes komunistak, %5-8,2; eta Jose Manuel Coelho eta Defensor Moura, biak independenteak, bozen %2ren inguruan dabiltza.
Presidenteak herrialde honetan duen eginkizuna ia sinbolikoa da, baina lehen ministroari babesa ukatzeko eta hauteskundeak deitzeko ahalmena du. Kasu horretan, alderdien arteko negoziazioetan bitartekari lana egin dezake.
Jaun eta jabe
Ekonomia irakasle ohia eta 1985 eta 1995 artean lehen ministro izandakoa da Cavaco Silva. Azken bi hilabeteotako inkesta guztiek eman dute garailetzat, ia %60ko babesarekin. Eman zuen azken mitinean, botoa masiboki emateko deia egin zuen, lehen itzulian garaile ateratzeko eta, bide batez, bigarren itzuliek dakarten gastu ekonomikoa eta desegonkortasun politikoa ekiditeko.
Ezin bestela izan eta Portugalek bizi duen egoera ekonomiko latza ere faktore saihestezin bihurtu da hauteskunde kanpaina osoan.
Azkenaldian, presio handia egin du Cavacok Portugalen gainean, finantzak ordenean jarri eta nazioarteko erreskateari ihes egiteko; finean, Irlandan edo Grezian jazotakoa bere herrian gerta ez dadin.
Zentro-eskuineko hautagaia den arren, Jose Socrates lehen ministro sozialdemokratarekin bat dator aurrekontuen defizita murrizteko bideari dagokionez: zergak igotzea eta sektore publikoko langileen soldatak jaistea. Socratesen alderdia gutxiengoa da Parlamentuan eta, beraz, beharrezkoa du beste alderdi batzuen babesa, gastuak murrizteko neurriak hartu nahi baldin baditu.
Ekonomialari askoren iritziz, Portugal oraindik garaiz dabil merkatuaren presioen aurrean amore eman eta eurogunearen erreskate plana eskatzeko.
Aipatu inkestak egiteko, 4.000 bat lagun galdekatu zituzten hilaren 15etik 18ra.