GARA > Idatzia > Kirolak> Osasuna

Itzuli oso bat Sadarretik at irabazi gabe

Josetxo: «Egoera ez da askok uste bezain larria»

Etxetik at irabazteko «zelaira fede handiagoarekin» irten behar dela uste du atzelari nafarrak.

p033_f01.jpg

GARA | IRUÑEA

Lehen itzuli osoan etxetik kanpo irabazi ezinda eta geldikako jokaldietan nahi baino gol gehiago jasoz, Osasunak beheko postuetatik ihes egiteko borondateaz hasiko du bigarren itzulia bihar Almerian. Gabezia horiek konpontzeko asmoz, badirudi Camachok zenbait aldaketa egingo dituela hasierako hamaikakoan, Coro etorri berria eta Josetxo atzelaria hasieratik zelairatuz. Zenbaitek etsipen traza hartu diete erabaki hauei, apenas hiru entrenamendu egin baititu kataluniarrak eta nafarrak aspalditik baitarama Ligan titular izan gabe, baina egoera ez da inondik inora horren larria, Josetxo Romeroren ustez.

«Argi dago ez gaudela nahiko genukeen bezala, gorago egon nahiko genuke. Baina egoera ez da askok uste edo esaten duten bezain larria. Badakigu gauzak ez ditugula ondo egin, batez ere etxetik kanpo irabazi beharra daukagu, eta igandean aukera polita daukagu horretarako».

Gainera, nafarrak argi dauka zein den Sadarretik kanpo irabazteko egin beharrekoa. «Gauza da gehiago sinistu behar dugula geure aukeretan, bai aurrean bai atzean. Etxean dugun konfiantza eta kemen berarekin irten behar dugu lehen minututik. Zelaira beldurrik gabe irten behar dugu».

Ildo horretatik, Josetxoren ustez, taldeak «partidaren bila» irten behar du bere dohainak aprobetxatuz, «arerioak zer egingo zain egon gabe».

Egoera pertsonala

Alor pertsonalean ere lehia garrantzitsua da nafarrarentzat. Denboraldi-aurrearen ostean, bazirudien titular izango zela, baina lehen partidan min hartu eta ordutik apenas jokatu du denboraldi honetan. «Denbora dezente da jokatzen ez dudala, baina ni astero bezala nago, ahalik eta hobekien entrenatzen. Camachok ikus dezala taldean sartzeko moduan nagoela. Ea igande honetan jokatzerik dudan».

Gainera, kontuan izan behar da aurten amaitzen zaiola taldearekin duen kontratua, baina oraingoz horrek ez duela gehiegi kezkatzen esan du. «Hau oso luzea da eta oraindik sei hilabete geratzen dira ekainera arte. Orain taldeak irabazteak arduratzen nau, ez da gustukoa inguruan dabilen nahasmen hau».

Monreal, gertu

Atzelariaren osatzea uste baino hobeto doa eta dagoeneko baloia ukitzen hasi da. Dena ondo joanez gero, Mallorcaren aurkako partidarako prest egon litekeela esan dute medikuek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo