Aizkora Urrezko lehiaketa
Egungo txapeldunek Zerainen izango dute hasiera
Donato eta Ohian Larretxea Senosiain anaien aurka neurtuko dira 18.30ean.Jon LEUNDA
Binakako Urrezko Aizkorak bi saio izango ditu asteburu honetan. Bata, gaur Zerainen jokatuko da eta, bestea, bihar Ataunen. Horiez gain, zilarrezko lehiaketako beste bi norgehiagoka ere jokatuko dira.
Gaur, Zeraingo pilotalekuan C multzoko lehia izango da 18.30etik aurrera, eta erabakigarria, gainera, izan ere, Senosiain anaiek azkeneko aukera izango dute. Donato eta Ohian Larretxearen aurka, egungo txapeldunen aurka, neurtuko dira, eta lehen jardunaldian Lopezen eta Erasunen aurka galdu zutenez, gaur galtzen badute, akabo, kalera joango dira. Larretxeatarrek, berriz, beren lehen norgehiagoka dute. Irabazteko faborito nagusiak izango dira.
Leku berean zilarrezko mailako saioa ere izango da, eta herritar bat izango da lanean, bertakoa baita Dorronsoro. Mugertza III.a lagun duela, garaipena lortzeko faborito izango da Irazabalen eta Erdoziaren aurka. Lortzen badute, finalean izango dira.
Bihar, 12.30etik aurrera Ataunen, Auzoeta pilotalekuan, A multzoko azken neurketa jokatuko da. Arrospide eta Mugertza II.a Azurmendiren eta Atutxa II.aren aurka neurtuko dira. Irabazten duenak finalerdiak jokatzeko txartela eskuratuko du, eta galtzen duenak final-laurdenak jokatu beharko ditu. Bi bikoek orain arteko saioak irabazi egin dituzte.
Ataunen bertan, zilarrezko mailako neurketa bat ere izango da, eta han neurtuko dira Rodriguez aita-semeak Goņiren eta Urtzi Olasagastiren aurka. Juan Rodriguez segoviar gaztea aizkora utzita izan ostean berriro itzuli da, eta bihar bere aitaren babesean euskaldunak mendean hartzeko faborito aterako da. Irabazten duenak beste kanporaketa bat jokatu beharko du.