GARA > Idatzia > Kultura

Euskarazko antzerkigintza herritarren esku jartzeko lehen hazia erein du EHAZEk Villabonan

Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak (EHAZE) eta Villabonako Udalak elkarlanerako hitzarmena sinatu zuten atzo. Helburua: euskarazko antzerkigintza herritarren esku jartzea ikastaro eta ekintza ezberdinak baliatuta.

p043_f01_147x100.jpg

Ariane KAMIO | VILLABONA

Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea (EHAZE) helburu jakin batekin sortu zen 2010eko maiatzean: euskarazko antzerkigintza sustatzea eta antzezle amateur zein profesionalen bilgune orokorra izatea. Zortzi hilabete igaro dira dagoeneko elkarteko kideek etorkizuneko jo-mugak zehaztu zituztenetik, eta xede haiek lortzeko bidea jorratzen dihardute gaur-gaurkoz.

Joan den azaroaren 27an lehenengo Antzerkizale Eguna ospatu zuten Villabonan, antzerkia kalera atera eta herritarrak generoarekin harreman zuzenean jartze aldera. Orain, pauso kualitatibo berria emango du elkarteak, eta herritarrak antzerkigintzaren zati izatera bultzatuko ditu atzo Villabonako Udalarekin sinatutako akordioarekin batera.

«Negar egitetik irri egitera pasatzeko jaio ginen. Ereiteko jaio ginen, eta gaur erein dugu lehenengo hazia. Gure hizkuntzan, gure kulturan eta gure herrian sinesten dugu, eta herritarrek izan behar dute protagonista nagusi eremu horietan», nabarmendu zuen atzo Joxe Mari Agirretxek (Porrotx) EHAZEren izenean.

Herritarrak eta antzerkigintza «harremanetan» jartzea ezinbestekotzat jo zuen eta, horregatik, antzezle amateurrak, profesionalak, gidoigileak eta antzerkigintzaren arlo ezberdinak elkarlanean jartzea izango dute helburu, guztien artean euskarazko antzerkigintzaren sare sendo bat osatzeko.

Villabonatik Euskal Herrira

Villabonako Udalarekin sinatutako hitzarmenak, urtarriletik ekainera bitarte hilabetean behin helduei eta haurrei zuzendutako ikastaroak egiteko aukera bermatzen du. Lehenengo geltokia urtarrilaren 28a izango da; gaueko hamar eta erdietan antzerki saioa izango da Gurea antzokian Lakrikun talde azpeitiarrarekin. Biharamunean, helduei zuzendutako ikastaroa gidatuko du Ainhoa Alberdik, eta igande arratsaldea haurrei eskainia egongo da «Deja Vue» ikuskizunarekin. Hala, ekainera bitarte hilero hainbat ekintza bultzatuko dituzte, eta datorren ikasturtean antzerki talde bat sortzea izango dute helburu. Deialdia Villabonako herritar guztiei eta inguruko herrietakoei egin die EHAZEk, egitasmoa ahalik eta aberasgarriena izan dadin.

Antzerkizaletasunaren harra Euskal Herri osora zabaldu nahi dute, ordea. Hala, Udalekin ez ezik, herrietako eragile, gaztetxe zein taldeekin elkarlanean aritzeko prest agertu ziren elkarteko kideak. Izan ere, euskarazko antzerkigintza herritarren esku jartzea izango baita aurrerantzean euren eginkizuna.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo