GARA > Idatzia > Kultura

Cafe Bilbao antzerki gidoi laburren saria, Lopez Askasibar eta Aristirentzat

p043_f02_088x104.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Ehun urte betetzear da Cafe Bilbao, eta makina bat ekitaldi prestatzen ari da ospakizunetarako. Bizkaiko hiriburuko Plaza Barrian kokatutako kafetegi ezagunak zortzi urte daramatza antzerki gidoi laburren lehiaketa antolatzen, Mikel Martinez antzezleak bultzatuta. Helburua, antzerkirako gidoien sorkuntza indartzea.

Martinezen esanetan hobetzen ari den lehiaketak atzo banatu zituen zortzigarren edizioko sariak. Euskarazkoa Pako Aristik eta Xabier Lopez Askasibarrek erdietsi zuten ex aequo eta, gaztelaniazkoa, -Euskal Herriko esparrura mugatua-, Victor Iriartek. «Aurten euskarazko hamar lan jaso ditugu, oso kopuru interesgarria», adierazi zigun antzezle bilbotarrak. Gainera, aipatutako mendeurrena duela-eta, Cafe Bilbaok argitara emango ditu gidoiok liburu batean, Artez argitaletxean.

Taularatzea amets

Euskarazko saria 1.400 eurokoa da, Pako Aristiren (Urrestilla, 1963) «Azken neuronaren heriotzak» eta Xabier Lopez Askasibarren (Lizarra, 1979) «Piztu gabeko zigarroak» lanen artean banatuko dena. Eta gaztelaniazkoa, 1.200 eurokoa, Victor Iriartek poltsikoratu du, «La esquela» lanari esker.

Aristi idazle ezaguna da gurean, eta Cafe Bilbaok atzo emandakoa ez da antzerki lanen lehiaketetan jaso duen aurreneko saria. Martinezek aitortu zuenez, «gure sariketarako oso lan aproposa da, ordu erdi ingurukoa, erraz taularatzeko modukoa, bizia eta umoreduna» da «Azken neuronaren heriotza». Ametsetan jasotako istorioa dela adierazi zuen idazle gipuzkoarrak, antzerki gidoigileen ametsa antzezlanak oholtza gainean gauzatuta ikustea dela gaineratuta, «antzerkiak testuan zentzurik ez du-eta».

Xabier Lopez Askasibarrek, bestalde, bi pertsonaia mitikoren enkontrua irudikatu du, gaur egunera ekarrita, «Piztu gabeko zigarroak» lan laburrean; «Edipo eta Yocastak kalean egingo dute topo, elkarren artean duten harremana ezagutzen ez dutela». Lana bi bakarrizketaren bidez gauzatzen da, Nafarroako antzerki eskolan ikasi duen Lizarrakoak agertu zuenez; «bakarrizketak oso gustuko ditut-eta».

Victor Iriartek (Iruñea, 1965) ere badu eskarmentua antzerki sariketetan, besteak beste, Estatu mailan Calderon de la Barca saria jaso baitzuen 2006an. Bilbon saritu dioten lana «La esquela» da. Egileak Bilboko kafetegiak antzerkiaren alde egindako apustua eskertu zuen atzo, eta bere lana ere «taberna batean» kokatzen zela azaldu, bi bezero eta zerbitzari baten arteko elkarrizketa jasotzen baitu. «Lan labur eta komikoa da», bukatu zuen Iriartek.

Cafe Bilbaoko lehiaketaren aurreko edizioei begiratuta, Galder Perezek eta Oier Guillanek behinik behin gauzatu dute Arestik aitortutako ametsa, eta idatzitako testuak taularatu dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo