Legez kanporatzeen lehen katebegia apurtuta ere, Rubalcabak kate berari eutsi nahi dio
Perez Rubalcaba Barne ministro espainiarrak oso argi utzi nahi izan zuen atzo Udalbiltzaren kontrako auziaren emaitzak ez duela eraginik ezker abertzalearen legeztatzean, edo legez kanpo ezartzean. Rubalcabaren nahia da hori, baina egitateek besterik frogatzen dute. Izan ere, Udalbiltzako kideen absoluzioak egiaztatu egin du ezker abertzalearen lehenbiziko hautagaitzak legez kanpo ezarri zituztenean zenbait hautagaik salatu zutena, alegia, Udalbiltzaren kontrako operazioa hautagaitza haiek legez kanpo uzteko erabili zutela, hautagaitza haiek Udalbiltzaren bidez lotu baitzituzten ETArekin. Iruñeko zerrendaburuari, esate baterako, Udalbiltzako Nazio Zuzendaritzako kide izateagatik debekatu zion parte hartzea Auzitegi Gorenak. Hartara, ezker abertzalearen hautagaitzen legez kanporatze ugariak lotu izan dituen katearen ahultasun juridikoa agerian utzi du lehenengo katebegia apurtu izanak. Oso argi geratu dena, beraz, Rubalcabak dioenaren kontrakoa da eta, bide batez, Gobernu espainolak, Estatuak euskal herritarren borondatea errespetatzeari dioten beldurra. Horixe izan beharko litzateke ministroaren kezka, eta ez kate hautsiari ez ikusia egitea.