GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Heineken Kopa

Bost punturekin, Biarritz sailkatuta

Zuri-gorriek oraindik final-laurdenetan izateko aukera apur batzuk dituen Bath hartuko dute Agileran, 14.30etik aurrera.

p035_f01.jpg

Jon LEUNDA

Biarritzek Heineken Kopako final-laurdenak jokatzeko aukera handiak ditu, modu bat baino gehiago baititu sailkapena lortzeko. Bere esku du multzoko lehen postua, baina bigarren geratuta ere, txartela lor dezake.

Biarritzen multzoan hiru talde daude aurrera egiteko aukerekin, eta lapurtarrek gaur aurrez aurre izango duten taldeak ere baditu final-laurdenak jokatzeko aukerak. Hori gutxi balitz, Ulsterrek Italian, Aironiren zelaian jokatuko du eta irlandarrek, ustez, nahiko partida erraza daukate.

Bath talde ingelesa da euskaldunen aurkaria, eta gaur 14.30etatik aitzinera neurtuko dira Agilera estadioan. Une honetan lapurtarrak dira sailkapeneko buru 17 punturekin, Ulsterrekin berdinduta, baina zuri-gorriak aurretik. Hirugarren Bath dago 13 punturekin, eta azkena, Aironi, 4rekin, hauek inongo aukerarik gabe.

Alta, hemen aurrera egiteak bakarrik ez du balio. Lehiaketako lau onenen artean sartzeak final-laurdenak etxean jokatzeko aukera ematen du, eta hor Biarritzek badu aukera. Alabaina, zuri-gorriek beren multzoan bigarren amaituko balute, izango luke aukerarik aurrera egiteko, izan ere, sei multzoetan bigarren geratzen diren bi talderik onenak ere sailkatzen baitira.

Bere multzoari begiratuta, Biarritzek garaipena lortuko balu, eta erasoko puntua ere batuko balu, Ulsterrek egiten duena egiten duela, lehen postuan sailkatuta geratuko litzateke. Beste modu batera esanda, Biarritzek multzoko onenaren tokian aurrera egiteko Ulsterren puntu kopuru bera lortzea nahikoa du. Irlandarrek, lehen postuari eusteko, Biarritzek baino puntu bat gehiago lortu behar dute. Bath-ek, berriz, gaur irabazi, bonusa lortu eta Ulsterren porrota behar du sailkatzeko. Biarritzek neurketa zaila izango du, Bathek final-laurdenetan izateko azkeneko aukera baitu gaurkoa. Talde zuri-gorria etxean oso indartsu dabil, eta horretaz baliatu nahi du, denek uste baitute irlandarrek Italian bost puntuak batuko dituztela. Biarritzek galdu egin zuen Aironiren zelaian, eta orduan esan zen porrot hura oso garesti ordain zezakeela. Ba, hemen dago ordaina. Hura irabazi izan balu, jadanik multzoko lehen postuan eta hurrengo fasean egongo litzateke.

Bigarren geratuta ere, aukerak baditu. Une honetan Biarritzen multzoko bigarren sailkatua sei multzoetako bi onenen artean dago, eta gauzak asko aldatzen ez badira, bigarren geratzen denak ere final-laurdenak jokatzeko aukera asko izango ditu.

European Challenge

European Challengen Avironek 18.00etatik aurrera Harlequins taldearen aurka jokatuko du kanpoan. Euskaldunei joan den astean jasan zuten porrotak sailkatzeko bide asko itxi zizkien, baina badute aurrera egiteko aukerarik. Horretarako, irabazi egin behar dute, eta aurkariek defentsako punturik lortu gabe. Hori lortuta, zuri-urdinak izango dira aurrera egingo dutenak. Harlequinsek bonusa lortuko balu, Avironek ere bonusa lortu beharko luke, eta horrek oso zaila dirudi. Une honetan Harlequinsek 19 puntu ditu, eta Avironek, 15, baina joanekoan lapurtarrek 16-12 irabazi zuten, eta puntu kopuru berarekin geratuta, Aviron aurretik litzateke.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo