GARA > Idatzia > Euskal Herria

Aurore Martin Atharratzeko kantonamenduko bozetan EH Baiko hautagai izanen da

Atharratze kantonamenduan EH Baiko hautagai baten ordezko izanen da. Espainiaratu ez dezaten ezkutuan den arren, «jardun politikoan» segitzeko eta «egoera salatzeko» aukera dela jakinarazi du.

p015_f02.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

«Le Journal du Pays Basque-Euskal Herriko Kazeta»ri igorritako gutun batean, eta atzo beste hedabide batzuei, tartean «Sud-Ouest» egunkariari, «zuzenean» jakinarazi zienez, Aurore Martin martxoan eginen diren bozetako hautagaien artean izanen da. Zehazki, Atharratzeko kantonamenduan EH Bai koalizioko hautagai Gilen Iriarteren ordezkoa izanen da.

Abenduan Martinen kontrako euroagindua onartu zenetik, ezkutuan dago Batasuneko militantea. «Halabeharrez» egoera horretan segituko badu ere, Zuberoako kantonamenduko militanteek egin dioten eskakizuna «harrotasunez eta gogo onez» onartu duela adierazi du. «Aukera izugarria eman didate nire jarduera politikoarekin jarraitzeko eta, batez ere, Euskal Herriak pairatzen duen defizit demokratikoa azaleratzeko», adierazi du Martinek.

Mauletarrak bere «poza» agertu du Ipar Euskal Herriko «esparru politiko ia guztia euroaginduaren aurka agertu eta Batasunari bere proiektu politikoa defendatzea ekiditeko Estatu frantsesak azaldu duen nahiari aurre egin diolako».

«Herri gisa erreakzionatu»

«Euskal gatazka politikoari lotutako egoera batek ez du inoiz tamaina honetako batasunik erdietsi. Herri bezala erreakzio- natzen jakin dugu eta indarra eta norabide komuna adierazten jakin dugu», gaineratu du, «gatazkaren ondorio baten inguruan ez ezik, aurrerantzean horren jatorrian dauden gainerako arazoetan ere» ildo beretik ekiteko nahia azalduta.

ETAk su-etena iragarri berri duenean eta eragile politiko gehiagok prozesu demokratikoaren alde euren «engaiamendua» plazaratu dutenean, Parisek eta Madrilek «errepresioa- rekin» erantzun izana salatu du Batasuneko kideak. Haatik, «trena abian» den uste osoa du Martinek: «Bidea zaila izango bada ere, guri dagokigu tren hori nahi dugun norabidean eramatea».

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan «alternatiba bakarra» direla nabarmenduta, dagoen lekutik hauteskunde kanpainan parte hartzen ahaleginduko dela agindu du Martinek. «Ezkerreko abertzaleei bertan aktiboki inplikatzera» dei egin die.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo