GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Andoni Olariaga Filosofian lizentziaduna

Teoriaren eta errealitatearen arteko gatazka

Egileak «errealitatean inoiz funtzionatzen ez duten teoria mailako soluzio biribilen» problema aztertzen du. Teorian balio duen soluzioak errealitatean balio behar duela pentsatzea okerra dela dio. Arrazionalismo erradikal horrek «ikuspegi zientifikotik at geratzen dena» ezabatzen du, eta harekin, poesia, maitasuna, askatasuna... azken batean, «gizakiaren errealitate bat». Auzi politikora eramanez, askatasunak ez dizkigula eskubideak emango defendatzen du, eta beste gauza askoren beharra nabarmentzen du, hala nola: «presioa, organizazioa, efikazia eta arrakasta».

Ameslariak gara gazteak definizioz. Utopiazaleak. Errealitateari muzin egin eta bertatik urrun eraikitzen ditugu ametsak, desioak; eta handik ere egituratu geure gizarte perfektuak, gizakien arteko harreman idealak, antolamendu politiko ahalik eta demokratikoenak, eta abar. Pixkanaka, ordea, utopien eta errealitatearen arteko distantzia amiltzen dela ohartzen garenean, errealitatea teoriarekin neurtzetik errealitatetik teoria eraikitzera igarotzen gara, errealitate kolpe ugari jaso ondoren. Amildegi horretatik urrunduz, utopiak dogmatikoki defendatzetik haiek erlatibizatzeko (errealitatera tolesteko, alegia) ahalegina egiten dugu. Batzuk, ordea, utopian geratzen dira. Eta horrela, razionalinski asko ibiltzen da gure parajeetan, errealitatea ukatuz beren teoriak errealitatean inposatzeko prest.

Gazteok, buruarekin baino bihotzarekin pentsatzen dugun arren, arrazionalista erradikalak (itsuak) izaten gara edozein arazo (ekonomiko, sozial, generozko... finean, politiko) ebazterako orduan. Beti izan ohi dugu edozein gatazka politikorentzako soluzio teoriko biribila. Problema izaten da, gehienetan teoria mailan biribilak izaten diren soluzioek errealitatean ez dutela inoiz funtzionatzen. Arrazionalismo erradikal horrekin errealitatearen aurka ematen dugun danbatekoa fulminantea izaten da behin baino gehiagotan. Arazo hori ez da, ordea, gazteon esklusiboa, guztiona baizik.

Arrazionalismo erradikal horren oinarri filosofikoa hau da: teorian balio duen soluzio batek errealitatean balio behar duela pentsatzen da. Kontua da, ordea, teoria mailako baldintzak ez direla errealitateko baldintza berberak. Adibide batzuk jarriko ditut ilustratzeko.

Adibide gordinena ateismoa litzateke (bere bertsio bulgarizatuan). Ateismoa arrazionalismo erradikal baten emaitza da. Ateismoak jainkoaren existentziaren afera zientifikoki ebatzi nahi du. Gezurra da jainkoaren hipotesia, ez da frogagarria. Beraz, arrazionalki juzgatzen dugu mitoa: egia da edo gezurra da, ez da beste eskemarik kabitzen. Pentsatu beharrean badagoela egiarena eta gezurrarena ez den beste eremu bat, zentzuarena, adibidez.

Hortaz, ikuspegi zientifikotik at geratzen dena arrazionalismo erradikal horrekin ezabatzen dugu, eta harekin, nahi gabe, gizakiaren alde mitikoa, poesia, askatasuna, maitasuna... (teoria mailan kontraesan bat sortuz, teoria eta errealitatearen artean beste bat).

Azken batean, gizakiaren errealitate bat ukatu besterik ez dugu egiten.

Filosofian, erlatibismoak jasaten du arrazionalismo itsuaren erasoa. Erlatibismoa kontraesankorra dela esaten da. Hau da, erlatibismoak baldin badio ez dagoela egiarik, edo dena erlatiboa dela, esaldiak berak egiazkoa izan nahi duenez, auto-kontradikzioan jausten da, egiarik ez badago esaldia bera ezin daitekeelako egiazkoa izan (eta, beraz, dena ez da erlatiboa). Dedukzio arrazionalista horrekin, erlatibismoaren problema uxatu dela uste izaten da. Afera da, arrazionalki (adibidez) bi gehi bi lau direla: errealitatean, ostera, bi zapata gehi bi sagar ez dira lau zapata. Hortaz, erlatibismoa arrazionalki (teorikoki) kontraesankorra izan daitekeen arren, errealitateko elementuek erlatiboak izaten jarraitzen dute. Operazio horrek teorikoki errealitate bat estali baino ez du egiten.

Arrazionalismo erradikal horrek, beraz, teoria mailako baldintzak ezarri nahi dizkio errealitateari. Hegelek esan bezala, «errealitatea ez bada nire sistemara moldatzen, beretzat kalte». Ikuskera hori argiago antzeman daiteke beste adibide batekin.

Orain asko erabiltzen da eskubidearen arrazoia subjektu politikoa definitzeko kezka dugunean. Zergatik da nazioa Euskal Herria, eta ez Araba edo Berriz? Ez al dute denek subjektu politiko izateko eskubide bera? Planteatzeak ere ez du zentzurik. Errealitateko baldintzek ez dute lekurik uzten eskubidearen galdera hori mundu honetan erreala izateko. Berriztarrek teoria mailan nazio izateko eskubidea izateak ez du legitimo egiten eskubide baten aldarrikapena. Errealitatean baldintzak egon behar dira eskubide hori gauzatzeko. Orduan, askatasunak ez dizkigu eskubideak ematen (teoria mailan bai, errealitatean ez), kasu honetan subjektu batek (Berrizek, adibidearekin jarraituz) kontzientzia izan behar du (borondatea); kontzientziaz gain, noski, beste gauza asko: presioa, organizazioa, subjektu politiko delako herritarren onarpena... efikazia eta arrakasta. Errealitateko baldintzak ez dauzkan bitartean, eskubidearen errebindikazioa teoria mailako aldarrikapen hutsa da. Beraz, teoriaren baldintzak eta errealitatearenak ez dira berdinak: ezin da teoria mailan zerbait errebindikatu errealitatearen baldintzak kontuan izan gabe. Hots, teorian nik ere munduko abeslaririk onena izateko eskubidea daukat...

Beste adibide bat pazifismoaren predikua litzateke (pazifismoa eta bide pazifikoak ez ditzagun nahastu). Pazifismo instituzionala, lotsagarria izateaz gain, errealitatearekin lotzen ez den prediku santua besterik ez da. Bakea tresnarik eraginkorrena dela predikatzen dute batzuek. Teoria mailan hala nahi izateak, ordea, ez du errealitatean eraginkor bihurtzen (ezta ere biolentzia ez-eraginkor). Errealitateko baldintzek kontrakoa adierazten dute (begira bestela nola hornitzen diren estatu guztiak armaz eta armadaz). Teoriak, beraz, ezin dio errealitate horri muzin egin. Bestela, pazifismo horrek norberaren biolentzia ezkutatu baino ez du egiten.

Argi dago, beraz: teorian balio duen zerbaitek praktikan ez badu balio, praktikako baldintzak hartu behar dira kontuan. Mundua transformatzeko, ez da errealitatea hobeto pentsatu behar, baizik eta errealitateko baldintzetatik abiatuta pentsatu. Errealitatea onartzeak ez du esan nahi hura ontzat ematea «moralki» edo politikoki (nola onartuko dugu ba tortura, gosea...?), baizik eta, beste gabe, errealitatea aztertzea bertako elementuak aldez aurretik ukatu gabe. Hain zuzen, den bezala onartzen dudalako aldatu nahi dut. Baina bertatik abiatuta analizatu beharko dut, aldaketa hobekien nola egin jakiteko.

Ondorioz, gazteok errealitatea ukatzen duten teorietan murgiltzea normala deritzot, errealitatea berehala aldatzea baita gure xedea.

Hori bera bere burua heldutzat daukan Estatu batek eta bere intelligentsiak egitea, ordea, barkaezina da, teoria horiek guztiak errealitatea ezkutatzeko predikatzen baititu (eta ez aldatzeko, gazteok bezala): giza eskubideak horien urraketa etengabeak estaltzeko, pazifismoa bere biolentzia nardagarria isiltzeko, demokrazia de facto-ko faxismoa ezkutatzeko... finean, teoria, errealitatea estaltzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo