Karmele Aierbe | Ataun
Ataundik, Langraizko espetxera
Kaixo Mila! Estatuko espetxeetan sartu zintuztenetik hamar urte luze pasatu dira. Erraz esaten da gero! Makina bat espetxetik bueltan erabili zaituzte. Eta bakardadean, zenbat egun egin dituzu zerri eginda edukitzen dituzten isolamenduetako ziega zikinetan? Makina bat ziega garbitzea tokatuko zitzaizun horratio!
Hainbeste urteren ondoren, euskal preso politikoen aurka prestatutako espetxe politika gogorrek ez dute zu makurtzerik lortu. Baldintza zailetan bizi behar izanagatik ere, Euskal Herriaren aldeko zure konpromiso politikoak zutik dirau eta irmotasun handiz ari zara erantzuten espetxe buruetatik eta espetxe zaintzaileetatik datorkizun edozein probokaziori.
Espetxealdia ahal den eta hobekien eramateko ere zure osasunak ez dizu asko laguntzen eta Estatuak, gaixo daudenei lagundu beharrean eta arreta pertsonala egokia izateko eskubidea izan arren, eskubide hori ukatzen dizute, eta, gainera, presoon egoera pertsonalaz baliatzen da xantaia egiteko eta bere esanetara makurrarazteko.
Baina zu xantaia horiei guztiei tinko ari zara aurre egiten. Osasunez eskas ibili arren eta hiru laurdenak beteak izanik, kalean beharko zenukeen arren. Beste euskal preso askorekin gertatzen den bezala, zurekin jokatzen ari dira eta espetxeetako arduradunek zure aurkako mendeku politikoa darabilte eta ez zaituzte kalean libre utzi nahi.
Jakizu, Mila, urte hauetan erakutsi diguzun tinkotasunarekin oso harro gaudela eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren barruan, beste askorekin batera, eredugarritzat zauzkagula.
Euskal Herria itxaropenez eta ilusioz betetako aro politiko berrian sarturik dago, eta zuok barrutik eta guk hemendik, denok batera, espetxeetako harresiak botatzeko indarra bilduko dugu eta askatasunaren haizeak astinduko du Euskal Herria.
Bitartean, eutsi gogor Mila! Laster iritsiko zaizu eta askatasuna gozatzeko eguna!
Maite zaitugu!