GARA > Idatzia > Euskal Herria

Joaldunen soinuarekin, inauteriak ospatzen ari dira Iturenen eta Zubietan

Nafarroako inauteri famatuenetariko bat ospatzen ari dira egun hauetan. Atzo Iturenen ibili ziren joaldunak zintzarriekin soinua ateratzen, eta gaur ospakizun guztiak ondoan dagoen Zubietara pasatuko dira. Bi herrietako bizilagunek parte hartzen dute festan.

p017_f02_111x111.jpg

GARA

Atzo hasi ziren Iturengo eta Zubietako inauteriak. Mozorrotze hutsak baino garrantzi handiagoa duen ohiturak bi herriak batzen ditu joaldunek egindako soinuari esker. Atzo Iturengo herritarrek hasi zuten ospakizuna, gaur, berriz, Zubietakoek ekingo diote.

Bi herrien artean hiru kilometro daude, eta batetik bestera joaten dira joaldunak zintzarriak astintzen. Euskal Herrian zanpantzar edo ttunttunero izenak zabaldu izan dira horiei deitzeko, baina ez dira zuzenak, bi herrietan tradiziozko izena joalduna delako, hau da, joarea duena.

Atzo Zubietako herritarrak Iturenera joan ziren bertakoekin batzeko, eta gaur alderantzizko bidea egingo dute.

Joaldunekin batera mozorrotutako herritarrak ibiltzen dira etxez etxe janari eta diru eske, ospakizunari amaiera ematen dion bazkaria jakiz hornitzeko helburuarekin.

Nahiz eta Iturenen eta Zubietan erabiltzen dituzten jantziak antzekoak diren, desberdintasunak ere badituzte. Iturengoek ttuntturroa ¯txano konikoa¯ luma eta guzti, zapi gorria lepoan, ardi larru batez estalitako atorra zuria, txalekoa eginez, gerrikoa, azpiko gona zuria praken gainean, zaldi buztaneko ilez egindako isipua eta kobrezko bi zintzarri handi eramaten dituzte. Zubietakoek ere badituzte txanoa, abarkak eta azpikogona, baina lepoan zapi urdina daramate eta txalekoa eraman beharrean, gerri bueltan lotzen dute ardi larrua.

Kultura Intereseko Ondarea

Elezaharrak dioenez, isipuekin espiritu txarrak uxatzen dituzte. Lurrean lo dauden energiak esnatzeko zintzarrien soinua erabiltzen dute, hala emankor bilaka dadin. Gainera, sineskeriez aparte, aspaldian zintzarriak bizilagunei laguntza eskatzeko erabiltzen zituzten, ardi- ren bat kumeaz erditzen zenean edo antzerako egoeretan.

Ohitura zahar hau hain da garrantzitsua ezen Nafarroako Gobernuak Kultura Intereseko Ondare Ukiezin izendatu zuen 2009an. Erabaki horrek, Iturengo eta Zubietako eta Lantzeko inauterien ospakizunak bilduz, etnografiaren ikuspegitik duten garrantzi eta balioa aintzat hartzen du.

Bizilagunak

Iturengo eta Zubietako joaldunak desberdinak dira, baina bien artean osatzen dituzte inauteriak. Atzo Zubietakoak Iturenera joan ziren zintzarriekin soinua ateraz eta gaur Iturengoak joango dira Zubietara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo