Parlamentua bildu da Myanmarren, azaroan egindako bozetatik aurrenekoz
Parlamentu birmaniarrak, azaroko hauteskundeen ondotik lehenengo aldiz, osoko bilkura egin zuen atzo. 660 diputatuek -gehienak Armadako buruzagitzan egondakoak- kargua hartu zuten, ezkutukeria eta isiltasuna ezaugarri izan zituen saio batean.
GARA
Parlamentari birmaniarrek kargua hartu zuten atzo, hainbeste zeresan eman zuten azaroko bozaldietatik Parlamentuak egindako lehen osoko bilkuran. Azken bi hamarkadetan batzorde militarrak ezarritako agintearen ondoren bozetara deitu izanak ez ditu, hala ere, urak baretu, jarleku gehienak Armadako ofizial ohien esku daudelako.
Ia 660 diputatuek, horietatik gehienak, bozetan parte hartzeko Armadan zuten ardurei uko egin ziotenak eta 166 jarduneko jeneralek, bi ganberako parlamentua eratu zuten, prentsari lekuko izatea debekatu zioten saioan.
France Presse berri agentziak aipatutako funtzionario birmaniar baten arabera, ez zen inolako gorabeherarik egon atzoko saioan, eta «kide guztiak bertan izan ziren».
«Guztia norabide onean doan ustea daukat. Baina oraindik dena ez dago amaitua», baieztatu zuen joan den asteburuan Soe Win Indar Nazional Demokratikoaren (NDF, oposiziokoa) diputatuak. Parlamentuko jardunak ekarriko dionaz galdetuta, jakin-minez zegoela aitortu zuen.
Atzoko saioa, 2003an batzorde militarrak «demokrazia diziplinatu» batera igarotzeko diseinatutako bide-orriko zazpi pausoetatik seigarrena zen.
Aurreikusita dagoenez, presidentea izendatzea izango da Parlamentuaren lehenengo eginbeharretako bat.
Ezagutzera eman ez den epean, goi ganberak, behe ganberak eta militarren elkargoak presidentegai bana izendatuko dute. Hortik aterako dira presidentea eta bi presidenteorde.
Iragan azaroaren 7an egin ziren hauteskundeak, eta iruzur salaketa masiboen artean, Mendebaldeak gogor arbuiatu zuen emaitza. Gainera, Aung San Suu Kyi oposizioko kide ezagunaren Demokraziarako Liga Nazionalak (NLD siglak, ingelesez) boikota egin zion zitari, eta behin igarota, alderdia desegiteko agindu zuen hauteskunde batzordeak. Suu Kyik aurkeztutako hiru helegiteek ez dute aurrera egin.
Behe ganberako presidente Shwe Mann jeneral ohia hautatu zuten eta, ziurtatu zuenez, «Gobernuko partaide guztiak Parlamentuko kide hautatuak izango dira». Goi ganberako presidentetzarako egungo Kultura ministroa aukeratu zuten, Kin Aung Myint jeneral ohia.
Analistek zein oposizioko kideek mesfidati begiratzen diote prozesu berriari, erregimena «parlamentarizatu» egingo dela uste dutelako, sakoneko aldaketak ekarri gabe.
«Ez dut uste hauteskundeek benetako aldaketarik ekarriko diotenik prozesu politikoari», esan zuen Suu Kyik, «Financial Times» egunkarian argitaratutako elkarrizketa batean.
Myanmarreko sistema politiko berriak eztabaida parlamentarioari atea irekitzen dion arren, botere legegilea hainbat arauk mugatuko dute: adibidez, edozein proposamen ganberara eramateko, batzorde baten oniritzia beharrezkoa da.