EGK-k gazte arabar baten heriotza eragin duen lan istripua salatu du
GARA | GASTEIZ
Duela bi aste Lezamako obra batean erori eta bederatzi egunera zendu zen 26 urteko langile arabarraren heriotza salatu du Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK). Talde honek prentsa ohar batean gaitzetsi duenez, «berriro ere, lan ezbehar batek gazte baten bizitza itzali du».
EGK-k gogorarazi duenez, gazteek lan istripu gehiago jasaten dituzte, gainerako langileen aldean kopurua bikoizteraino, eta horren zergatia, hauxe dela: «gazteriak gainontzeko langileek baino baldintza prekarioagoak jasaten ditu (behin-behinekotasuna, ez-ohiko kontratazio formulak -bekak, praktikak-, azpi-ekonomia, lan karga astunak, ordutegi txarrak), eta prekarietatea lan-ezbeharren oinarri-oinarrian dago». Horiek horrela, EGK-k uste du bai lan-erreformak, bai pentsioen erreformak «lan merkatua gehiago prekarizatu» dezaketela, eta, hortaz, «langileriaren osasun laboralak» okerrera egin dezakeela.