GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Ezer ez da berdin

Irlandako eta Hegoafrikako gatazkak ez ziren berdinak. Hala ere, Hegoafrikako gatazka konponbidean jartzeko prozesua baliagarria izan zen Irlandakoari ere irtenbidea bilatzeko.

Eta zergatik ez baliatu Hegoafrikako esperientzia, Irlandakoa gehituta Euskal Herriko gatazkaren ondorio bortitzak baztertu eta gatazka bide demokratiko soiletara bideratzeko? Ez. Euskal Herria ez da Irlanda. Egia. Ez, behintzat, Londresko Gobernuaren eta Madrilgoaren jarrerak alderatzen direnean. IRAren su-etena ere erabili ohi zuten bi herrialdeon gatazkak bereizteko. IRAk borroka armatua bertan behera utzi omen zuen eta ETAk ez. Orain ETAk su-etena iragarri du, nazioarteak egiaztatzeko modukoa, eta behin betiko izan dadin bere borondatea agertu du. Esango dute ez dela berdina; eta tira, beharbada ez da berdina, baina bada elementu bat gutxienez, ekite armatuari dagokionez, berdintzen dituena: IRA oraindik ez da desagertu.

Estatu espainolak, britainiarrak ez bezala, ez du «terroristekin» negoziatzen. Estatu demokratiko batek ezin omen du halakorik egin. Estatu espainola eta britainiarra ere ez dira berdinak. Espainiarra askoz demokratikoagoa da, inondik ere. Faxismoarekiko negoziazioetan demokratizatu zen eta, diktaduraren arduradunekin demokrazia gaztearen nondik norakoak adostu zituenak ezin du «terroristekin» negoziatu, sasidemokrazia britainiarrak ez bezala.

Egipto eta Tunisia ere ez dira berdinak. Egipto handiagoa da, jendetsuagoa, munduko leku estrategikoenetako batean dago, musulman gehiago ditu... Baina kausa berberak eragindako matxinada bizi dute biek. Tunisian Ben Ali presidentea azken momentura arte saiatu zen botereari eusten, lehenik errepresioaren bidetik eta ondoren erreformak eskainiz. Berandu, ordea, Tunisiako herritarrek erregimena erauzi nahi zuten. Egipton, Hosni Mubarak erreformak eskaintzeko fasean dago, bere lehen ministro (militar) berriari oposizioarekin negoziatzeko eskatuta. Baina egiptoarrek tinko eusten diote matxinadari eta ez litzateke harritzekoa luze gabe Mubarakek alde egin behar izatea. Zer gertatuko da ondoren? Herrialde demokratikoa bihurtuko da bat-batean, Espainia bezala? Hain zuzen, Tunisia, Egipto eta Estatu espainola hain ezberdinak izanda, azkenak bezalako trantsizio demokratikoa izateko arriskua dute lehen biek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo