GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Egiptoarrek benetako demokrazia nahi dute; Mendebaldeak «trantsizioa». Norainokoa, ordea?

Egiptoko herritarrek atzo kaleak hartu zituzten berriro, etxeratzeko aginduari muzin eginda. Hosni Mubarakek botereari eutsi nahirik, bere lehen ministro berriari oposizioarekin negoziatzeko eskatu dio, baina horrek ez ditu bere kontrako protestak apaldu. Anaia Musulmanetako arduradun batek esan zuenez, Armadarekin bakarrik negoziatuko dute, oraingo agintariak «modu baketsuan» joan daitezen agintetik. Nolanahi ere, egipziar oposizioa oso zatituta dago, eta Mohamed El Baradei haren buruan agertzea ez dirudi agertokirik txarrena Mendebaldeko herrialdeentzat. Dagoeneko Israel bakarrik agertzen da Mubaraken alde, AEBek trantsizio baterako erreforma demokratikoak eskatu baitituzte, eta Europar Batasunak Gobernuaren eta oposizioaren arteko elkarrizketa, trantsizio prozesu bati begira.

Egipto ez da Tunisia, batez ere bere garrantzi geoestrategikoari dagokionez eta, horri lotuta, islamdarrek duten indarrari dagokionez. Hori da Mendebaldeak duen «arriskurik» handiena, baina Egipton benetako sistema demokratikoa lortuko balute, onartu beharko lukeena. Ikusteko dago Mendebaldeko herrialdeak norainoko demokrazia laguntzeko prest dauden.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo