GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sokatira Euskal Herriko Txapelketa

640 kilokoan ere txapela jantz dezakeela argi eta garbi utzi du Abadiñok

Jon LEUNDA

Ibarra, Sokarri, Abadiño, Berriozar, Amaiur eta Ñapurrak izango dira 640 kilokoan datorren asteburuan jokatuko den Euskal Herriko Txapelketako finalean. Era horretara amaitu baita lehen fasea.

Bigarren jardunaldia jokatu zen Ibarran, eta Abadiñok irabazi zuen. Egungo txapeldunek ez zuten itxaroten zen maila eman lehen jardunaldian, baina bigarrengoan garbi utzi dute pisu honetan ere txapela jantz dezaketela.

Ibarra sailkatu zen bere atzetik bigarren jardunaldi honetan, eta badirudi gipuzkoarrak izango direla bizkaitarren aurkaririk gogorrenak, nahiz eta Sokarrik berriro ere oso maila ona eman zuen. Zuraide, Basaburua-Imotz eta 6 Conceyos izan dira, azkenean, finaletik kanpo geratu diren taldeak.

Emakumezkoen 540 kilokoan, berriz, ia erabakita dago, izan ere Badaiotzek bi itzuliak irabazi zituen, eta jardunaldi baten faltan bost puntu eta erdiko tartea ateratzen dio bigarren dagoen Sakanari.

Badirudi borrokarik handiena hortxe egongo dela, izan ere Sakanak puntu bateko aldea bakarrik ateratzen dio Ibarrari.

Bestalde, zaldi-mando probetan, Euskadiko finala jokatu zuten larunbat gauean Aian, eta Alegriaren abereak eraman zuen manta eta txapela, amaieran 81 plaza, 5 zinta, eta 0,92 metro eginda. Bigarren, berriz, Uriarteren aberea sailkatu zen 71 plaza eginda, eta azken postuan Kobaren aberea sailkatu zen, 65 plazarekin. Alegriaren zaldiak iaz lortutakoari eutsi egin dio aurten ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo