GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

AIZKORA Desafioa

Kastrok apusturako deia egin dio Xabier Zalduari

J.L.

Aurten ez da aizkora apusturik jokatu oraingoz, eta aurrera begira ere ez dago bat bera ere itxita, baina badirudi berehala izan daitekeela bat. Izan ere, Kastrok horretarako deia luzatu dio Zalduari.

Urrozkoa prest dago 16 kana-erdikotara jokatzeko, eta horrek apirilaren hasiera aldera izan beharko luke. Dirua, berriz, 3.000 eurotik gora izan beharko luke. Horretaz guztiaz hitz egiteko, Kastro datorren igande goizean, 10.00etatik 11.00etara, Azpeitian egongo da Mendizabal jatetxean Zumarragakoaren zain.

Apustua gauzatzen baldin bada, Kastrorentzat lehenengoa izango litzateke, eta Zalduak, berriz, bigarrena jokatuko luke, izan ere, pasa den maiatzean neurtu zituen indarrak Erasunen aurka, eta irabazi egin zuen. Kastro Euskal Herriko Hirugarren Mailan dago, eta Zaldua lehen aldiz arituko da Bigarren Mailan.