GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

«Pablorekin kantxatik kanpo daukadan harreman ona barruan ere igartzen da»

p039_f01.jpg

Alexis Apraiz

Asegarceko atzelaria

Ia bi metroko garaierarekin, saskibaloian joka zezakeen -sarri joaten da Baskonia ikustera-, baina baloi laranjarekin eta futbolean proba egin ondoren, pilota aukeratu zuen gernikarrak eta denborak arrazoi eman dio. Iaz Patxi Ruizen ordezko gisa sartu ostean, aurtengoa du lehen Binakako Txapelketa titular gisa eta, Berasaluze adiskidearekin, lan bikaina osatzen ari da atzelari bizkaitarra.

Jon ORMAZABAL

Saskibaloian ematen den asteko MVP sariaren baliokidea jaso du Apraizek azken jardunaldian, Euskadi Irratia sarian onena izan baita asteburuan -Olaizola II.a da lider berria-, baina hortik harago, finalerdietan egoteko aukera handiak ditu eta lehen mailan bikain egokitu dela erakutsi du gernikarrak.

Lehen urtea titular moduan eta lehen aldiz asteko onena Euskadi Irratia sarian, gustura egoteko moduan zaude, ezta?

Sari bat da baina gauzak bikote moduan ikusi behar dira. Uste dut sekulako lana egin dugula azken bi asteetan, eta, ez dakit merezi dudan, baina ondo dago.

Ez zineten hasierako kinieletan gehiegi sartzen, baina finalerdietarako oso ondo kokatu zarete gainera...

Oraingo astean ikusi da puntu bateko aldea hartu dugula beste bikoteekiko. Egia da Aimarren eta Xalaren bikoteak sailkapenean gora joan direla, baina beste sei bikoteak bi lekuren bila borrokan ari gara eta guk abantaila hartu dugu lehia horretan.

Pablorekin oso ondo moldatzen zarela dirudi kantxan.

Profesionaletan hasi nintzenean Pablo bere unerik txarrenean zegoen eta berarekin asko jokatu dut bigarren mailako partidetan, eta orain lehen mailakoetan ere bai. Kantxatik kanpo oso ondo konpontzen gara eta hori barruan ere nabaritzen da. Berarekin oso gustura nago, dominatzen dudan bakoitzean bera errematatzaile onena izango da, eta oso gustura jokatzen da. Batak jotzen duenean besteak errematatzen du eta joko klase hori egin behar dugu, beste joko klase batekin ez ditugu-eta partidak aurrera aterako.

Pertsonalki une gozo batean zaudela ezin ukatu.

Ikusten da momentu honetan oso ongi nagoela. Pilotari asko jotzen, pilota gutxi galtzen eta ikusten da nahiko asentatuta nagoela iazko urtetik hona.

Zein izan daiteke azken urtean emandako aurrerapauso handi horren sekretua?

Agian, sekretu bat baino, urte osoa daramadala Primeran jokatzen eta hori nabaritzen da. Iaz binakakoan sartu nintzenean estelar gutxi jokatuta nengoen eta oraingoan urte osoa daramat estelarrak eta torneoak jokatzen eta ikusten da ofizioa apur bat ikasita daukadala eta nahiko hobetu dudala.

Iaz aukera eman zidaten, aprobetxatu egin nuen eta geratu egin nintzen, estelarrak jokatzen, udako torneoak denak jokatu ditut eta hori niretzat oso onuragarria izan da.

Erregulartasuna lortzeko partidak jokatzea bezalakorik ez dago, ezta?

Erregulartasuna partidak jokatuz irabazten da. Primeran partidak oso gogorrak dira, «buena» asko egin behar, asko jo, kantxan gehiago ibili eta fisikoki ere hobeto egon behar duzu. Hor dezente hobetu dut, asko ikasi dut eta hortik etorri da hobekuntza hori.

Larunbat honetan Zallan partida benetan zaila jokatu beharko duzue, partidarik galdu ez duen bikote bakarraren aurka...

Bai, liderren aurka jokatzea egokitzen zaigu. Ikusten da oso indartsu daudela, atzo [igandea] ikusi zen oso partida gogorra egin zutela, agian ez zen munduko partidarik onena izango, baino fisikoki oso gogorra izan zen eta aurrera atera zuten. Aimar gero eta hobeto dabilela ikusten da, kantxan ere hobeto jartzen da, kolpetik ere gero eta indartsuago, eta denok dakigu Aritzek zenbat jotzen duen. Gainera pilota gutxi galtzen badu, oso bikote arriskutsua eta indartsua da.

Bakoitzaren ezaugarriengatik, esan daiteke zure antzik handiena duen pilotaria izan daitekeela Aritz Begino?

Bueno, biak gara jotzaileak eta altuak. Agian larunbatean dominatzen hasten denak asko izango du irabazita, aurrean artista bi daude, eta dominatzen duenak badaki bere aurrelariak errematatuko duela.

Bikote bizkaitarra zarete, finala Bilbon joka daiteke, hasi al zarete horren inguruan pentsatzen?

Suabe, suabe -barrez-. Partida asko geratzen dira, larunbateko partida irabazita oso goian jarriko ginateke, baina horren ondoren partida asko daude. Finalerdietara sartzeko aukerak ikusten baditugu pozik, eta sartzen bagara, hobeto. Dena dela, sartzen ez bagara, behintzat txapelketa ona egin beharko genuke.

Zurbaon Baskonia animatzen ikusiko zaitugu aurrerantzean ere?

Ahal dudanetan joaten naiz bai, asko gustatzen zait saskibaloia. Espero dut oraingo astean Euroligan Panathinaikosen aurkako partida aurrera ateratzea, galduz gero kanpoan geratzeko aukera asko lituzkete-eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo