GARA > Idatzia > Kultura

«778-La Chanson de Roland» film dokumentala aztertuko du Zineguneen bigarren saioak

Euskadiko Filmategiak aurrera daraman Zineguneak programak gaur izango du bigarren saioa Olivier Van der Zee zuzendari holandarraren «778-La Chanson de Roland» film dokumentala ardatz hartuta.

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Zineguneak Euskadiko Filmategiak zinemari buruz antolatutako topaketak dira eta gaur izango dute bigarren saioa, Koldo Mitxelena kulturgunean, 19.30ean. Oraingoz Donostian bakarrik izango da, Filmategiko zuzendari Joxean Fernandezek azaldu zuenez, Gasteizen oraindik ez baitute topaketak egiteko tokirik aurkitu.

Hala, Van der Zee «778-La Chanson de Roland» filmaren zuzendaria bera eta Pascal Gaigne musikaren egilea izango dira Donostian. Trailerra erakusteaz gain, soinu-banda ere entzun ahal izango da, eta storyboarda erakusteko aukera ere aipatu zuten atzoko aurkezpenean, argi ez badago ere.

Zineguneen lehen saioa Borja Cobeagaren «No controles» filmaren gainean egin zuten, eta honakoan, Van der Zeeren dokumental berriaren gainean egingo dute. Dokumentalaren eta filmaren artean sailkatzen den proiektuak 1.200 urte atzerago eramango ditu ikusleak Orreagako gatazkaren inguruko egia, gezur eta mitoak argitzeko, orain arte egindako ikerketen bidez.

Van der Zeek zazpi urte darama Pasai Donibane bizitzen eta han sortu zitzaion, orain lau urte, Orreagan gertatutakoaz jakiteko grina. Izan ere, eskolan ikasitakoak eta bizitoki berrian entzundakoak ez zuten zerikusirik, ez baitzuen baskoien parte-hartzeari buruz ezer ikasi.

«778-La Chanson de Roland» dokumental gisa aurkezten duten arren, film epiko batetik oso gertu dagoen proiektua da. Izan ere, Van der Zeek azaldu zuenez, armada handi hauen ospe eta distira erakusten du filmak, borroka ikusgarrien bidez. Britainia Handiko eta Alemaniako taldeak ekarri dituzte horretarako, antzinako gudak berregite eta antzezteko lanean adituak. Gainera, historialari eta arkeologoen iritzia ere jaso dute.

Film dokumental hau Donostian, Bilbo eta Gasteizen estreinatu zen joan den astean eta zinema aretoetan ikusgai dago jadanik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo