GARA > Idatzia > Euskal Herria

Abadiñok milaka bisitari espero du gaur San Blas azoka ospetsuan

Dena prest dute Abadiñon gaur azoka egun handia ospatzeko. Han izango dira arrazako abereak, baserriak emandako produkturik onenak, artisauen lanak, herri kirolak, kale animazioa eta ezinbesteko diren kolore ugariko sokak eta eztarriko gaitzei aurre egiteko bedeinkatutako bestelako produktu andana. Milaka lagun hurbilduko dira bertara, gauza ugari ikusteko, dastatzeko eta jai egiteko aukera ederra izango baita.

p020_f02_97x128.jpg

GARA

Abadiñon ehunka bisitari espero dute gaur San Blas azoka dela-eta. Milaka izango dira egun osoan herrian barrena ibiliko direnak, aste barruko eguna izan arren, gaurkoa askok eta askok egutegian azpimarratuta duten eguna baita. Gaurko azoka xarma handikoa da festazaleentzat, baserriko produktuen erosleentzat, eta, ohiturari jarraituz, zortzi egunetan eztarrian eraman beharreko lokarriak eta malba zurizko gozoki bedeinkatuak eskuratzeko aukera galtzen ez duten horientzat.

Azokan, urtero bezala, hainbat sail aurkituko ditugu: ganadua, baserri-tresneria, burdineria, ortuariak, frutak, gazta, txakolina, ogia, eztia, artisautza eta landareak. Inguruan, ez da faltako, bestalde, taloa eta txakolina non hartu, txosnagunea ere izango da-eta, baita kale animazioa ere.

Udal arduradunek emandako datuen arabera, abere azokan, ehun abelburu baino gehiago izango dira ikusgai gaur trinketaren inguruan. Sanblasetako XIX. Abere Azokan aurten hiru karpa izango dira: batean herriko 44 abelburu izango dira, arraza ezberdinetakoak; bigarrenean, zortzi arrazatako 64 abere erakutsiko dituzte; eta aurten, lehenengo aldiz, hirugarren karpa bat ere izango da salerosketarako abelburuentzat, aurretik izena eman duten abeltzainei zuzenduta. «Administraziook bitartekoak jarri behar ditugu arazoak ekiditeko, jendearen segurtasuna jokoan badago, bereziki», azaldu zuen Jose Luis Navarro alkateak antolakuntza berriaren zergatiaz.

Bestalde, 72 baserritarrek BBK-k egokitutako ehun saltoki inguru beteko dituzte. Ondoan, nekazaritzarako tresneria izango dute salgai 19 postutan, kultur etxearen atzealdean, eta erroskillak, gozokiak, lokarriak eta bestelakoak 20 postutan izango dira, Ferialekuan. Landareek eta fruta-arbolek ere hamar bat postu izango dituzte.

Artisautza erakusketa Abadiñoko Udalak eta Arbaso taldeak antolatzen dute. Aurten, azokara joaten denak Igor Obeso gipuzkoarra beira puztuarekin eta Juan Carlos de Diego beiragile bizkaitarra lanean ikusteko aukera izango du Txanporta plaza inguruan. Gainera, zetazko musuzapiak dekoratzeko tailerra eskainiko du Aziza Punch nafarrak.

Azoka inguruan, bestalde, egitarau zabal bat izango da. Ferialeku plazan, Gogaikarri bertso eskolak antolatuta, Xabier Amuriza, Garikoitz Sarriugarte eta Eñaut Uruburu arituko dira 12.00etatik aurrera.

Bestalde, Probalekuan, 12.30- ean, herri kirolak hasiko dira, eta 17.00etatik aurrera idi probak. Goiz-goizetik umeentzako tailerrak izango dira Txanporta kultur etxeko arkupean, eta Ferialeku plazan, erromeria iragartzen du egitarauak Lotxo taldearen eskutik. Horrekin batera, 10.00etatik aurrera txosnagunea zabalduko dute.

aukera zabala

Abadiñon jai egiteko aukera ugari aurkituko du gaur bisitariak; azokaz gain, bertso-saioa, herri kirolak eta haurrentzako jolasak aurkituko baititu, besteak beste. Jaia arratsaldera arte luzatu nahi duenak erromeria ere aurkituko du, idi probekin batera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo