Itun lotsagarria, langabezia eta BBVAren mozkinak
Atzo, Madrilen, Gobernu espainolak, patronalak eta UGT eta CCOO sindikatuek itun sozial eta ekonomikoa sinatu zuten egun berean, Hego Euskal Herriko langabeziaren datuek ezin argiago agertu zuten Gobernu horrek sindikatuen laguntzarekin ezarri dituen erreformak eta neurriek zer ondorio dakarten; ekonomia suspertzeko -eta, beraz, besteak beste lana sortzeko- beharrezkoak omen diren neurri eta erreforma horiek ez dute langabezia tasaren goranzko joera geldiarazi ere egin: urtarrilean iaz baino 9.300 langabe gehiago zeuden, aspaldiko tasarik handiena iritsita. Gobernu espainola Nazioarteko Diru Funtsak eta Europar Batasunak eskatutako erreforma guztiak abiatzen ari da, langileen eta behartsuenen kaltetan, eta sindikatu espainiar nagusien jarrera lotsagarriak gizarte ituna delakoaz harro agertzeko aukera eman dio. Nekez ulertuko dute langabeek eta beste herritar askok, irain gisa ez bada, beren aldekoa omen zen itun hori. Eta nekezago ulertuko dute eurak egoera lazgarrian daudela, bakan batzuk etekinak jasotzen ikusita. Izan ere, atzoko argazki sozioekonomikoa BBVAren irabazien albisteak osatu zuen. Kalteak bezala, irabaziak ere zenbatzen dira eta: banku horrek 4.606 milioi euro irabazi zituen iaz, krisi betean, aurreko urtean baino %9 gehiago. Langabeei esan diezaietela krisia denon artean egin behar zaiola aurre.