Aitor Alustiza Andoaingo Gaztetxearen asanbladaren izenean
Urtzi Azpiroz Gaztetxean nahi dugu
Andoaingo herria amesgaizto batean murgilduta dago azken asteotan. Deitu gabe etorritako kaputxadunek Urtzi bahitu digute.
Urtzi ez da edonor, herri honekin konprometituta dagoen gaztea da, eta horregatik izan dute jomugan. Andoaindar askok ezagutu du futbolean, herri mobilizazioetan, Gaztetxeko ekimenetan edo parrandan. Azken finean, herri honi bizitza ematen saiatu da. Hori da batzuek, betikoek, jasan ezin dutena eta hau izan da beraien erantzuna: errepresioa eta kriminalizazioa. Hori nahikoa ez-eta, jada hainbat hedabide eta ordezkari politikok lotsarik gabe epaitu eta beren helburu propagandistikoetarako erabili dute.
Hala ere, amets-hiltzaileen zoritxarrerako, Urtzik azken urte hauetan egindako lanaren erakusle dugu Andoaingo herria ematen ari den erantzuna. Hori guztia dela eta, Urtzi lehenbailehen itzul diezaguten exijitzen dugu. Horrekin batera, gure elkartasuna adierazi nahi diegu azken egunetan hainbeste sufritzen ari diren bere senide eta gertukoei.
Urtzi Gaztetxean nahi dugu!