Kronika | Hezeguneen Nazioarteko Eguna
Txingudiko Plaiaundiko padura, entzutera gonbidatzen duen isiltasuna
Iruneko erdigunetik minutu gutxira dago Txingudiko Plaiaundiko padura. Zuhaizti, irla eta laku artean isiltasuna besterik ez da ageri. Herriko zarata atzean utzita, bat-batean hegaztien soinuak dira nagusi.
Nagore BELASTEGI
Plaiaundiko zuhaitzen bakardadeak biztanle ugari ditu, edo hori sentitzen du, behintzat, harri txikiz osatutako bideetatik igarotzen den ibiltariak. Ezkutuka barre-algaraka dabiltzan txoriei edota, etxeko bainugelan bezala, plisti-plasta putzuetan saltoka ari diren ahateei esker basoak bizitza du.
Urrunera begiratzean, pixkanaka agertzen doaz animaliak, baina gertutik begira ari diren hegazti begiluzeak ere badaude. Une horretan bisitaria arrotz sentitzen da, eta isiltasun horretan inguruan dauden zarata txiki guztiak entzuten hasten da, naturarekin konektatzen, alegia. Kasik loreak nola hazten diren entzun daiteke.
Isiltasun atsegin horretan sekulako burrunba entzuten da noizean behin, zerutik. Bisitariak gora begiratzen badu, zailtasun handirik gabe ikusiko du metalezko hegazti erraldoia, inguru naturalean bizi diren lumadun animaliak txiki eginez. Badirudi, ordea, Hondarribiko aireportutik ateratzen diren hegazkinak ikusten -eta entzuten- ohituta daudela, eta giro lasaian jarraitzen dute, batetik bestera hegaka edo janari bila ur azpian burua sartuz.
Naturgune honetan hegaztiak ondo ikusteko egurrezko etxola eta dorreak eraiki dituzte. Dorre horietako batetik Interpretazio Zentroaren ondoko zingirako ahateak ikusten dira igerian, eta ondo-ondoan, armonia hori hausten duten errugbi zelaia eta Hendaiara joaten den trenbidea.
Inguruan dituen azpiegitura moderno horiek guztiak ikusita, harrigarri gertatzen da bioaniztasunaren altxor txiki honek bizirautea. Hegazti espezie asko eta asko ekosistema desberdinak dituen inguru horretatik pasatzen dira urtero, eta horientzako bizileku aproposa izatea lortu dute urteetan egindako lanari esker.
Atzo hezeguneen nazioarteko eguna izan zen. Plaiaundik, gainera, Ramsar hitzarmena sinatu zueneko 40. urteurrena eta Txingudiko Ekoetxea Interpretazio Zentroaren 10. urteurrena ospatu zituen.
Horren karietara, Lakuako Bioaniztasunerako eta Ingurumen Partaidetzako zuzendari German Alonso, Lakuako Ingurumen sailburuorde Nieves Teran, Europako Ramsar Hitzarmenaren koordinatzaile Tobias Salathe eta CPIE Euskal-Itsasbazterreko lehendakari Georges Lafeu izan ziren Irunen.
Irunen biltzerakoan Lakuako Gobernuaren eta CPIE Euskal-Itsasbazterraren arteko Mugaz Besteko Lankidetza Hitzarmena aurkeztu zuten. Horrekin, etorkizunean Txingudiko ingurunea babesteko konpromisoak hartu zituzten instituzioek.
253 espezie
Plaiaundik 2002. urtean egin zuen bat Ramsar hitzarmenarekin. 1971n Kaspiar itsasoaren ertzean dagoen Ramsar hirian (Iran) sinatutako akordioak mundu osoko 1.912 hezegune biltzen ditu eta, horri esker, toki horiek nazioartean ezagunak izatea ahalbidetzen du. Hezegune horiek garrantzitsuak dira prezipitazioen bidez lortzen den ura baino gehiago gordetzen dutelako. Gainera, Txingudin itsasoko ekosistemak ibaietakoekin nahasten dira eta 253 hegazti espezierentzat aproposak diren habitatak sortu dira.
Ramsaren eskuetan dago hitzarmeneko hezeguneen babesa bermatzea, eta horregatik proiekturen batek hezegune bat arriskuan jartzen duenean dagokion ingurumeneko ministerioarekin harremanetan jartzen da eta adituek ikerketa bat egiten dute. Salathek azaldu zuenez, Ramsar-ek Hondarribiko aireportuaren handitze lanen eta Zubietako erraustegiaren inguruko ikerketak gauzatu nahi ditu, ingurunean izango luketen eragina aztertze aldera.
Parke ekologikotik paseatzen ari zirela Teranek naturgunetik oso gertu zeuden trenei erreparatu zien, eta Madrilgo ministerioan erabiltzen ez den trenbidearen eremua berrantolatzeko plangintza bat garatzen ari direla esan zuen.
Putzu txikien babes eske
Sailburuordearen hitzetan, Lakuak Euskal Autonomia Erkidegoko Hezeguneen Sektorekako Lurralde Planaren barnean hezeguneak sartzeko zerrenda bat gauzatu du. Honen harira, Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia Sailak zerrenda horretan hezegune txikiak sartzea ere eskatzen du, putzu txikienak ere garrantzitsuak direlako espezie askoren biziraupena bermatzeko. Espezie horien adibide bat apo lasterkaria (Bufo calamita) da, putzu txikietan bizi den anfibioa.
Bestalde, Ekologistak Martxan kolektiboak ere hezegune txikien babesa aldarrikatu zuen atzo. Taldearen esanetan, natur ingurune batzuk Ramsar hitzarmenaren barruan izan arren, diren bezala mantentzeko arazoak izaten dituzte. Gainera, beste hezegune askok ez dute inolako babesik eta desagertzeko zorian daude, batez ere itsasertzean portuak eta herriak eraikitzen dituztelako. Hori dela-eta, talde ekologistak bioaniztasuna babestea, bertako fauna eta flora indartzeko gordailu genetiko diren hezeguneak indartzea eta jendea hezegune hauek betetzen duten paperaz ohartaraztea eskatu zuten.