GARA > Idatzia > Ekonomia

PSEk Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren irudia bateratu nahi dituela salatu du LABek

PSEk segurtasun publikoarekin loturiko zerbitzu guztiak Lakuako Barne Sailaren kontrolpean jarri eta udaltzaingoak Barne Sailaren eta Ertzaintzaren menpeko bihurtu nahi dituela esan du LABek. Udaltzainak udal administrazioko langileak direla aldarrikatu du.

Amaia ZURUTUZA

PSEk aurkeztutako «Euskadiko Segurtasun Publikoko Sistemaren Antolamenduari buruzko Legearen aurreproiektuaren» aurka dagoela adierazi zuen atzo LAB sindikatuak, besteak beste, «Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren irudia bateratzeko joera garbia» duelako. Legea sakonki aztertu ondoren, udaltzaingoak Lakuako Gobernuko Barne Sailaren eta Ertzaintzaren menpeko bihurtu nahi dituztela salatu du sindikatuak. Era berean, lege honek udalen autonomia zuzenean erasotzen duela kritikatu du.

Zentzu honetan, eta LABek gogoratu duenez, aurreko legealdian EAJk ere «Euskal Polizia» zeritzon lege berritua osatzeko borondatea azaldu zuen. Oraingoan, PSEk norabide bera hartu duela eta segurtasun publikoarekin loturiko zerbitzu guztiak Barne Sailaren kontrolpean jarri nahi dituela salatu du. Horrekin batera, legeak udaltzaingoetan ertzainak sartzea ahalbidetzen duela azaldu du. Proposatzen den diziplina erregimena berriz, berriki lege organiko baten bidez Polizia espainolarentzat onarturikoa baino gogorragoa da, LABek adierazi duenez, eta «beldurra eta kontrol politikoa areagotzeko» saiakera da.

ELA sindikatuak izan duen jarrera ere salatu du LABek, besteak beste, Barne Sailaren menpe dagoen «udaltzaingoen koordinaziorako batzordean» parte hartzen duelako. Soilik «interes korporatiboak» defendatzea eta proiektua sortzeko prozesuan jarrera kritikorik ez izatea ere leporatu dio LABek ELAri.

Udaltzainak udal administrazioan lan egiten duten langileak direla nabarmendu du LABek eta udaletan lanean diharduten gainontzeko langileen eginbehar eta eskubide berberak dituztela. Ondorioz, udaltzain lanpostuak dituen baldintza zehatzen inguruan negoziatzeko mahai bat osatzea eskatu du.

DIZIPLINA

Legean proposatzen den diziplina erregimena, berriki, lege organiko bidez, Polizia espainolarentzat onarturikoa baino gogorragoa dela esan du LABek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo