GARA > Idatzia > Kirolak> Igeriketa

PROFILA | IAN THORPE

Australiako «torpedoa» berriz eztanda egiteko prest

p037_f01_666x666.jpg

Asier AIESTARAN

Ian Thorpe australiarrak goi-mailako lehiaketara itzuliko dela jakinarazi zuen atzo Sydney-en emandako prentsaurrekoan. Olinpiar Jokoetan urrezko bost domina irabazitako igerilari bikainak -historiako kirolari australiar onenaren izendapena jaso izan du askotan-, 2006an hartu zuen erretiratzeko erabakia, baina lau urteren buruan atzera egin eta 2012ko Londreseko Olinpiar Jokoetan lehiatu nahi duela adierazi zuen hainbat komunikabideren aurrean.

Aitortu zuenez, itzultzeko erabakia iazko irailean hartu zuen eta orduz geroztik jo eta ke entrenatzen ibili da. Hori bai, jendeak susmorik ez izateko, zortzi udal igerilekutan aritu da prestaketa lanetan eta SMS bitartez jasotzen zituen Leigh Nugent bere entrenatzailearen aginduak -behin bakarrik bildu ziren aurrez aurre-. Senideei ere ez zien ezertxo ere esan orain aste gutxi batzuk arte.

Hasiera batean, Torpedoa ezizenarekin famatu egin zen igerilariaren asmoa Londresen taldekako probetan parte hartzea da, 4x100 eta 4x200 metro libreko erreleboetan, hainbat urtez erabat menderatu zituen 200 eta 400 metro libreko bakarkako probak alde batera utziz. Kontuan izatekoa da, Ian Thorperen ibilbidean gehien gogoratzen den lorpenetako bat, batez ere bere herrialdean, Sydneyko Olinpiar Jokoetan erreleboetan Estatu Batuen aginteari amaiera jarri izana dela.

Baina Londresen parte hartuko duten Australiako selekzioak 2012ko martxoan erabakiko dira, eta ordura arte bere maila onena berreskuratzeko lan handia egin beharko du igerilari australiarrak. Aurreratu zuenez, hemendik aurrera Abu Dabin eta Europan egingo ditu entrenamenduak, eta lehiaketei dagokionez azaroan Australian bertan izango den Munduko Kopako proban parte hartzeko asmoa azaldu zuen. Izan ere, Thorpek atzo bertan eman zuen izena dopinaren aurkako erregistroan, eta aurreneko bederatzi hilabeteetan ezin du goi-mailako probetan parte hartu.

«Jendea harrituta geratuko da»

«Oso pozik nago nire itzulera dela-eta. Ez nuen imajinatzen egunen batean lehiaketetara itzultzeko gosea edukiko nuenik, baina hala gertatu da. Hala ere, ez naiz damutzen lau urtez igerilekuetatik urrundu izanaz. Beharra neukan atseden bat hartzeko. Eta itzultzeko erabakia ere ez da azalekoa izan, asko pentsatu ondoren emandako urratsa baizik», adierazi zuen Munduko Txapelketetan urrezko hamaika domina irabazi zituen australiarrak.

Beti bere distantziarik maiteena izan den 400 metroko proba alde batera uzteko erabakiaz galdetuta, «jende asko harrituta geratuko da distantzia laburrean egingo ditudan denborekin», erantzun zuen. Londreseko Jokoetan erabiliko den igerilekua ere goraipatu zuen eta hura probatzeko eta bertan lehiatzeko sekulako gogoak dituela gaineratu zuen. «Erronka handia da, baina prest nago. Errazagoa zatekeen etxean gelditzea, baina berriz ere nire ahalmena erakusteko gogoa daukat».

 

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo