«Emakume bertsolariak beti izan dira ahozkotasunean»
Antropologoa
Leioan kazetaritza ikasketak egin zituen arren, Jone Miren Hernandezek antropologotzat du bere burua. Izan ere, soziologia ikasketak ere burutu zituen eta tesia Donostiako UPV-EHUko Antrolopologia Fakultatean egin zuen, geroztik lantokia duena. Bihar Bertsozale Elkarteak antolatutako «Umorez: generoa bertsolaritzan» jardunaldietan ariko da Villabonan.
M. LARRINAGA | DONOSTIA
Ahots leunez eta patxadaz hitz egiten du, landu beharreko gaiak ez baitira azalekoak. Donostiako Filosofia Fakultatean elkartu gara. Begiradari eusten dion horietakoa da, elkarrizketa aurrera doan heinean toki guztietara begiratzen duen arren. Bihar Villabonan izango da, «Emozioen labirintoan: emakumeen hitza, ahotsa eta bertsolaritza: norabide ezberdin baten bila?» izeneko hitzaldia ematen, eta nahiko intuitiboa izango dela iragarri zuen. Generoa eta bertsolaritza landuko dituen proiektu bat du esku artean; hala eta guztiz ere, luzerako izango dela aitortu zuen.
Emakumeak emozioen munduari lotuago gaude?
Denok gaude emozioei lotuta. Horiekin bizitzeko dugun modua beste kontu bat da. Zentzu horretan, ikuspegi, bizipen, esperientzia edo bizitzeko modu ezberdinak ditugu emakumezkook eta gizonezkoek. Ez, ordea, sexu bat edo bestea duzulako, hala hezi gaituztelako baizik.
Eta, zu zeu, arrazionala edo sentimentala zara?
Familia eta lagunen testuingurutik jasotzen dituzun eraginak eta aukeratzen duzun bideak zerikusi handia du. Nire formazioak asko baldintzatu eta baldintzatzen nauela uste dut. Asko ikasi dut beti eta orain, irakaslea naizela, eragina du nigan: burua erabiltzen ohituta nago; eta horregatik, gorputzarekin gauza asko egiten saiatu naiz beti, oreka baten bila. Baina nire formazioarekin identifikatzen naizela aitortzen dut, buruak pisu handia eduki duela. Halere, zien-tziaren barruan sentimenduak badaudela, erabil ditzakezula, eta iker ditzakezula ere konturatu naiz.
Bertsolaritza mundua gustukoa duzu?
Ni ez naiz bertsolaria, baina zaletzen ari naiz. Nire tesia hizkuntzaren inguruan egin nuen eta garai horretan gauza asko irakurtzen dituzu gaiarekin lotura zuzenik eduki ez arren. Karmen Larrañagak bertso munduari buruz idatzitako zenbait testurekin egin nuen topo eta hortik hasi nintzen.
Nola ikusten duzu zuk emakumearen egoera bertso munduan?
Beti izan dira emakume bertsolariak ahozkotasunaren munduan. Une batetik aurrera, ordea, ez dakigu zergatik, bertso- laritza publikotik desagertu egin ziren. Baina beti izan dira: batzuk mojak ziren eta komentuetan abesten zuten, edota familiartean... Bertsolaritzan emakumeek apenas zuten presentziarik eta horrek asko baldintzatzen du.
Urteak pasatu dira eta inertzia batzuk sortu dira, baina gizonezkoen artean. Geroago, Kristina Mardaraz, Arantzazu Loidi, Maialen Lujanbio... agertu ziren publikotasun horretan, baina fenomeno berria da. Asko egin dutela iruditzen zait, baina asko gelditzen da oraindik egiteko.
Nolanahi ere, bertsolaritza ez da gauza isolatu bat, bertan gertatzen dena edozein arlo sozialetan gertatzen baita. Emakume gisa badituzte arazo batzuk berezkoak izan daitezkeenak, baina beste asko partekatuak dira. Emakume izateagatik badakigu zein den egoera gure gizartean eta, emakume bertsolariek ezin dute dena konpondu, testuinguru batean daudelako, euskal kulturan. Ze paper izan du emakumeak euskal kulturan? Hori ere beste galdera bat da. Hausnarketa proposatu behar dugu maila desberdinetan: bertsolaritzan, euskal kulturan, euskal gizartean... dena lotuta dago-eta. Hala begiratuta gauza asko gelditzen dira egiteko oraindik.