«Ornitorrinkus» emanaldiak abiatuko du gaur Bilbo Zaharra Foruma
GARA | BILBO
Gaur abiatuko da Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako Foruma, eta herri literatura izango du ardatz. Euskaltzaindiaren egoitzan lau emanaldi eskainiko dira ostegunetan, martxoaren 3ra arte. «Ahozko literatura oroimenean oinarritzen den eta ahoz aho transmititzen den literatura mota da. Funtzio poetikoa ahozko jardunean gauzatzen da. Beraz, idatzizko literatura baino lehenagokoa da», azaldu zuten antolatzaileek.
Ahozko literatura hori hainbat formatutan ikusi ahal izango da jardunaldi hauetan. Gaur arratsaldeko zazpietan «Ornitorrinkus» ikuskizunak zabalduko du Foruma. Maialen Lujanbiok, Judith Monterok eta Xabier Erkiziak osatzen dute «performancearen, kontzertuaren eta happeningaren» artean kokatzen den emanaldi hau. Bakoitzak bere esparrutik ekarpenak eginez, musika garaikidea, elektronika eta bertsoa uztartuko ditu hirukoteak. 2006an hasi ziren proiektua lantzen eta iazko Durangoko azokarako disko-liburu bat argitaratu zuten.
Datorren ostegunean, musika eta bertsoa izango dira «Betibizi, zaharra berri» deituriko ikuskizunean. Xabier Amuriza bertsolariak bildutako kopla zaharrei trikitiaz lagunduko die Kepa Junkera musikariak. «Proposamen berria da, iragana eta oraina batu eta etorkizuneko bideak iragartzen dituena».
Joaten den lekura joanda arrakasta itzela izaten ari den lana izango da otsailaren 17an, «Erregea eta bufoia». Ander Lipus bufoiak Jon Maia erregea izango du kasu honetan alboan. Bertsoa eta antzerkia lehia betean, barre algararako aitzakiarik ez da faltako.
Foruma ixteko, martxoaren 3an bertsolariak izango dira kantuan. Iparraldeko euskal herritarrak izango dira egun horretan Bilbora hurbilduko direnak, azken txapelketako lehen hiru sailkatuak, hain zuzen: Amets Arzallus, Odei Barroso eta Sustrai Colina.