GARA > Idatzia > Ekonomia

Gipuzkoan lurzoruaren %8,1 artifizial bihurtu dute jada; Europan, %1,2

Instituzioek bultzatzen duten hirigintza ereduaren ondorioz, nekazaritzarako lur egokiak desagertzen ari direla salatu du EHNE sindikatuak. Hego Euskal Herrian urtero 700 hektarea artifizial bihurtzen direnez, nekazaritza jarduera bermatzeko araudiak sortzeko eskatu du.

p024_f01_199x132.jpg

Amaia ZURUTUZA

Nekazaritza jarduera bermatuko duten araudiak osa ditzatela exijitu zien atzo EHNE sindikatuak instituzio publikoei. Izan ere, sindikatuak salatu zuenez, Euskal Herrian gauzatzen den hirigintza ereduaren ondorioz nekazaritzarako lur egokiak desagertzen ari dira.

Hala, pasa den urtarrilaren 21ean «Euskal Herria osasuna galtzen ari da» lelopean EHNEk abiarazi zuen kanpainari jarraipena emanez, baserritar talde batek elkarretaratzea egin zuen atzo Donostian, Gipuzkoako Aldundiaren egoitzaren parean. Pasa den hilean egindako protestan, baserritarrek traktoreak eraman zituzten Donostiako hiriguneraino; atzo, berriz, abereak izan ziren baserritik atera eta hirira eraman zituztenak.

Baserritarren salaketa eta aldarrikapenen muinari helduz, Gipuzkoan lurzoru artifiziala lurralde osoaren %8,1 izatera iritsi da jada, Gipuzkoako EHNEko lehendakari Iñaki Lazarobasterrek salatu zuenez, Europako batez besteko maila %1,25 baino ez bada ere. Gipuzkoan beraz, Europan baino zazpi aldiz gehiago bihurtu da lurzorua artifizial. Hain zuzen, Hego Euskal Herrian urtero 700 hektarea bihurtzen dituzte artifizial, 1.166 futbol zelai adina. Gainera, azpiegiturek nekazaritzarako lurrik onenak hartzen dituztela salatu zuen Lazarobasterrek, eta ondorioz baserritar gehienak lekurik malkartsuenetan lan egitera kondenatuta daudela. Hori dela eta, nekazaritza jarduera bermatuko duten araudiak indarrean jar ditzatela eskatu zien EHNEk bai Gipuzkoako Aldundiari, bai Lakuako Gobernuari.

«Defentsa-gabezia ikaragarria»

Izan ere, orain arteko jarrera kontrakoa izan dela kritikatu zuen Lazarobasterrek. «Erakundeek beste sektore ekonomikoak bermatzeko araudiak jartzen dituzte indarrean, baina nekazaritzarekin ez da hori gertatzen», esan zuen. Horren ondorioz, «baserriak defentsa-gabezia ikaragarria pairatzen du», Lazarobasterren hitzetan.

Zentzu horretan, nekazaritzan eta abeltzaintzan aritzeko lur eremuek babestuta egon behar dutela defendatu zuen. Aitzitik, «beste jarduerek dute beti lehentasuna», salatu zuen.

Errealitate horren adibide garbia aste honetan bertan izan dela adierazi zuen. Hain zuzen, AHT abiadura handiko trenaren bidea eraikitzeko Tolosaldean hainbat baserritarrek desjabetze aktak sinatu behar izan dituzte. «Aktibo dauden baserri batzuei konpondu ezin den kaltea eragin diete», salatu zuen EHNEko kideak. Donostialdeko Lurraldearen Zatiko Plana delakoan argi ikusten da nekazaritza jardueraren gainetik beste jarduerak nagusitzen direla, EHNEren esanetan, plan horren bidez Donostialdeko 1.250 hektarea landa lur artifizial bihurtu nahi baitituzte. Sindikatuak alegazioak aurkeztu ditu horren aurka.

Aldundiaren parean elkarretaratzea amaitu ostean, idazkia Aldundiaren erregistroan sartu zuten baserritarrek. Ondoren, Bulebarrean barna ibili ziren Donostiara ekarri zituzten behi eta ahuntzekin. Amaitzeko, Lakuako Gobernuaren egoitzara abiatu ziren idazkia bertan ere erregistratzera.

Modu honetan, bi instituzioei exijitu zieten bakoitzak bere eskumenen arabera martxan jar ditzala lehenbailehen nekazaritza jarduerak behar duen lurra bermatzeko araudi nahiz mekanismoak, modu honetan jarduera babestuta egon dadin.

Izan ere, askotan egin ohi duten moduan, datu kezkagarria eman zuten atzo ere baserritarrek. EHNEren arabera, eta nekazaritza zentsuak aintzat hartuta, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan baserriek erabilitako lur kopurua %36,42 murriztu da 20 urteotan, 1989tik 2009ra, 436.085 hektarea izatetik 277.234 hektarea izateraino. Murrizketa hori, hein handi batean, azpiegiturek eta hirigintzak eragin dutela salatu zuen Lazarobasterrek.

Ezinbesteko elementua

Euskal Herria osasuna galtzen ari den adierazle da hori guztia, EHNEren iritziz. Izan ere, baserria ezinbesteko elementua dela uste dute, besteak beste: konfiantzazko elikadura bermatzeko, paisaia garbiaz gozatzeko, hondamendiak gutxiagotzeko, jardueren aniztasunari eusteko, elikadura subiranotasuna lortzeko nahiz nortasun handiko bizimodu bati eusteko. Hala, mezu argia du sindikatuak: «Euskal Herriak baserria behar du, osasuntsu egon nahi badu».

BI ADIBIDE

AHTren lanak direla-eta, Tolosaldeko hainbat baserritarrek desjabetze aktak sinatu behar izan dituzte astean. Donostialdeko Lurraldearen Zatikako Planaren bidez, 1.250 hektarea lurzoru artifizial bihurtu nahi dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo