GARA > Idatzia > Kultura

Euskal nobela beltzak bere txokoa izan du Bartzelonako BCNegra literatura jardunaldietan

Bartzelonan egiten ari diren BCNegra literatur jardunaldietan izan da lehenengoz euskal nobela beltza. Jon Arretxe, Aingeru Epaltza eta Jose Javier Abasolo izan dira bertan, Erein argitaletxeko kideekin batera.

p042_f01_148x96.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Nobela beltzaren BCNegra literatura jardunaldien 6. edizioa egiten ari dira egunotan Bartzelonan, eta estreinakoz, euskaldunek gonbidatu gisa hartu dute parte. Helburu jakin batekin joan dira bertara: euskal nobela beltza eta bere egoera ezagutaraztera. «Gure kobazulotik irteteko», balio izan duela azaldu zion Jon Arretxe idazleak GARAri, eta oso positibo baloratzen du bertan izandako esperientzia. «Irten behar dugu eta inguruan erakutsi zer egiten dugun. Geure burua ezagutzera eman, gure literatura, gure nobela beltza kasu honetan, jendea ezagutu. Atzo Getafeko nobela beltzaren astera joatera gonbidatu gintuzten. Iaz gonbidatu gintuzten Gijonera joateko... Mugitzea denontzat da ona».

Arretxerekin batera, Jose Javier Abasolok eta Aingeru Epaltzak eskaini zuten hitzaldia ostegunean eta Asier Muniategi izan zuten moderatzaile. Arretxeren esanetan, ikusmin handia sortu zuen ekimenak. «Etorri ginen, apur bat, ea inor dagoen guri entzuteko gogoz... Eta jende pilo bat egon zen. Saiatu ginen esplikatzen zer daukagun Euskal Herrian. Andaluzian bizi den Felix Modroño bilbotarra ere agertu zen eta oso giro polita sortu zen».

Erein argitaletxea nobela beltzaren alorrean egiten ari den lana ere ezagutarazi zuten. «Oso interesgarria da erakustea Euskal Herrian bultzatzen dela nobela beltza», esan zuen Arretxek. «Orain bilduma berri bat sortu dute, euskaraz eta gazteleraz, eta originaletatik aparte, idazle garrantzitsu asko ari dira itzultzen euskarara. Hori dena erakutsi behar da eta oso ondo datorkigu horretarako honelako lekuetara etortzea».

Ez dago espezializaziorik

Euskaldunek Bartzelonan atera duten ondorioetako bat izan da oso jende gutxi dagoela nobela beltzean espezializatuta. «Beste hizkuntzetan badaude idazleak horretara bakarrik dedikatzen direnak, nobela beltzak idaztera bakarrik, ez dutenak beste nobela motarik idazten. Eta euskaldunon artean, jende asko dago agian nobela beltz bat idatzi duena, proba egitearren edo aldatzearren edo ez dakit nik zergatik. Oso jende gutxi dago nobela beltz batzuk idatzi dituena eta hori bakarrik eta euskaraz egiten duenik ez dut uste dut inor dagoenik», esan zuen Arretxek.

«Aingeruk idatzi ditu pare bat, Harkaitz Canok ere zerbait idatzi zuen, Andu Lertxundik, ni seigarrena ateratzekotan nago... Baina falta zaiguna da horretan espezialista hutsak direnak sortzea. Gazteleraz badaude pare bat, Abasolo bera izan liteke adibide onena. Eta euskaldunon artean sortuko da baten bat, seguru».

Abasolo eta Arretxe beren liburuak sinatzen izango dira gaur, nobela beltza bakarrik saltzen duen Negra y criminal liburu-dendan.

Kirmen Uribe y Manuel Rivas leerán en la ONU

El próximo miércoles, 9 de febrero, Kirmen Uribe leerá en la sede de la ONU en Ginebra en compañía de Manuel Rivas. Los dos autores recitarán sus poemas en la Sala de Derechos Humanos, célebre por la cúpula decorada con pinturas de Miquel Barceló, informó el ondarrutarra. El acto ha sido organizado con motivo del Día Internacional de las lenguas maternas y contará con la presentación del también escritor y periodista Juan Cruz. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo