GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Ana Telletxea | Ikertzailea

Kronos jainkoa joaldun

 

Zintzarrien burrunba-hots ezkutu batek astindu du kaletar begiluzeen oharmena. «Ze ordutan ateratzen dira?», galdetu du emakume batek Aurtizko elkartearen atarian eskumuturreko erlojuari arduraz begira. «Bueno, batzuetan ordu bata ere izaten da hasterako...», erantzun dio arretaz behin edo beste Iturenen bisitan izan dela agerian utzi duen kanpotar batek.

«Eurek ere ez dakite eta... sudur puntan jartzen zaienean eginen dute!», bota die bat-batean hirugarren batek. Irriak ondotik. Baina, egiazki, arrazoia du. Iturengo inauteria ez da Orienteko erregeen kabalgataren moduko «tradizioa».

Joaldunak dira, garbi dago, kanpoko jendea erakarri dutenak funtsean. Literatura oso bat eman dute, argazkilarien kamerak irudiz bete dituzte, euren joan-etorriak prentsak urtero detaile osoz bildu ditu...

Baina Iturengo eta Zubietako inauteriak ezin dira ardi-larruzko gizonkote ilara baten paseora mugatu. Sanferminetako zezenen goizeroko abialdiaren zaintzaren gisara, jendea esperoan dago ibilaldia puntual hasiko ote den zalantza ia errea agertuz. Eta bitartean, auzokideen artean ari da gertatzen egiazko inauteria, etxean, kale-bazterrean, baratze-zokoan, ostatuan...

Hara. Ilbeltzeko goiz lainotsu eta hotza, herria isil, zola busti. Sukaldeak jo eta su hamaiketakoak prestatzen. Koskoil parea utzi du urterokoak bide bazterrean, to ziria! Elkartean ardoa mahai gainean honezkero. Gazteak artilea eta joareak hartu ditu. Haurrek besta eguna dute, eta bizikleta zahar xehatuak hartu dituzte maskara eta arropa zabarrekin maldak gora eta behera zalapartaz korritzeko. Gaztexko bat oiloa eskuan zakarkeria plantak eginez, beste hiru motozerraz atari guztiak aztoratzen. Salda, arrautza egosia. Lagunen bilkuraren kolorea. Modestoren irribarreak goiza alaitzen du. Bertako mintzoa, arnasaren kide.

Berriki (2009an) Kultur Ondare izendatu ditu Nafarroako Gobernuak inauteri hauek, Lantzekoarekin batera. Baina izendapenak atzetik zer ekar lezakeen duda naiz. Har dezagun hurbileko adibide bat. Iruñeko Euskal Jai pilotaleku enblematikoa 2004an bota zuten eta spa xarmant bat eraiki arin demonio; orain dela gutxi, ordea, Erkidego bereko Kultura eta Turismo Departamentuak «pilotaren ibilbidea» deritzon turismo plana abian jarriko duela iragarri du. Hori da kontraesana. Edo hori da zitalkeria.

Gauzak horrela, ahalko balu, baten batek, Iruñeko Civivox modernoetan jarriko lituzke joaldunak ikusgai; garbi-garbi, txukun eta itxuroso, gaztelaniazko azalpen argiez, musika garaikideaz giroturik eta pizza zizka-mizka batzuk banatuz azafata eder batzuen laguntzaz.

Turismoaren makinerian txertatzen erraza den hura erakargarri bihurtzeko joera komertzial eta ekonomiko garbia dago gurean eta hala, tradizioak denboraren joanarekin aldatzen diren arren -bizirik dauden seinale-, alienaziorik gerta ez dakion opa diot inauteri honi. Kultura (propio) egiten duena administrazioa baita -zer uste genuen bada! Inozoak gu!-; baimenak, antolakuntzak, programazioa, kodeak, ordutegiak, publizitatea, diru-laguntzak (tranpa!)...

Oharkabean, gainera, portaera jarraibide ofiziala agindu bezala betetzen dugu. Eta bestetik, ikusten dugun hura egungo parametroetan ulertu nahi dugu hala-moduz, denari «gure» edo «gaurko» zentzua eman. Gure prisma kutsatuak erritua bere horretan jasotzea zailtzen digu.

Gaur, honen harira, han eta hemen ezagutzen ari gara antzerako joaldun, zanpantzar eta ttuntturroak. Azaleko elementua tokiz mugitu da Euskal Herri osora, baina ez dute harekin eraman bertako esentzia, erroa. Ezin. Eta hori du xarma bi herri hauetako usadioak.

Hizpide dugun inauteria denbora bizitzeko beste modu bat da; ez garaiak, denbora baizik. Erritmoak sentitzeko beste era bat. Gure bizitza antolatzeko modu ezberdina. Kronos dantzan. Ukronia Iturenen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo