GARA > Idatzia > Kultura

Piztiak taldeko Josu Aranbarriren «tximeleta bilduma»

Eskarmentu handiko Piztiak taldeak «Gabeko kalapitxixak» diskoa kaleratu zuen 2009an, egitasmo zabalagoa behar zuenaren lehen emaitza. Orain, taldeko baxu-jotzaile eta artista Josu Aranbarrik izen bereko erakusketa atondu du Bilbon, ondarroar rockeroen doinuak marrazkietan gauzatu ostean.
p051_f01_177x120.jpg

Biologoek diotenez, gehiago dira gaueko tximeleta espezieak, argirantz jo eta kiskaltzen direnak, egunekoak baino», diosku Kirmen Uribek Piztiak taldearen «Gabeko kalapitxixak» aurkezterakoan. Izan ere, tximeletak «kalapitxixak» dira Ondarroan; eta izatekotan, gaueko tximeletak dira Piztiak osatzen duten lau artistak.

«Gabeko kalapitxixak», Piztiak taldearen azken lana, egitasmo zabalago baten lehen urrats bat dela esan ziguten taldekideek 2009ko urriaren 28an lana aurkeztuz, eta esandakoak betez, bigarren emaitza aurkeztu digute orain, Josu Aranbarri taldeko partaideak sortu dituen lan plastikoak, Bilboko lau udaltegitan ikusgai paratu dituenak. Artistaren esanetan, «diskoko kantuetan oinarrituta daude lanak». Eta abestiak hain ezberdinak direnez, garapen plastikoa ere oso ezberdina izan dute, collageak balira legez.

Erakusketan, batetik marrazkiak ageri dira -diskoaren azala osatzeko erabiliak, adibidez-, «handiak, originalak, teknika ezberdinekin landutako koadro edo mihiseak». Baita argazkiak ere, «promoziorako erabili genituen argazki muntaia batzuk... nola sailkatu ez dakidan objektu edo muntaiaren bat». Azaldu baino ikusi egin behar dira lanok, taldekideak tximeleta bilduma balira legez koadro baten barruan orratzez josita agertzen dituen lana, esaterako.

«Erakusketa bera diskoaren libretoa izatea da helburua», dio Aranbarrik. Musikarien diskoetako liburuxketan, hitzekin batera azala eta barruko diseinu lana jaso ohi da, eta honakoan, Piztiak taldeko azken diskoaren barruan sartzeko gonbita egiten digu erakusketak. «Lanak sortu ziren bezala ikusi beharra dago», eta horretarako diskotik atera eta espazio tridimentsional batean sartu beharra du bisitariak, «apartetik ikusi, hurbildu, irakurri...». «Gabeko kalapitxixak» diskoaren izpiritua libre izatean zetzan, eta mugarik gabe, Aranbarriren lanek bide bera daramate. «Enpagua ematen zidan formatu itxi baten barruan lan egin behar horrek -CDetako formatu txiki eta karratuez ari da-. Kantuak askatasunean egin ditugu, horixe izan da leitmotiv-a, eta ez noa formatua mugatzera pentsatu nuen; neuri gogoa ematen didan neurri eta tekniketan plasmatuko dut artelana». Eta bi bider pentsatu gabe azalera handiagoko lanak sortu ditu.

Piztiak taldeko diseinu lanen ardura izan ohi du Aranbarrik, eta marrazkiak asko zaindu. Azken lanean baina, bost marrazki baino ez dira ageri -erakusketan jatorrizko neurrian eskegi dituenak-, erakusketa baitu ordezko. Ondarroarrak sei kantu hautatu eta beste horrenbeste lan plastiko proposatu ditu -lan bakoitzaren ondoan aukeratutako abestien hitzak ere jarri ditu-. Kanturen bat edo beste berak idatzia da, eta beste taldekideenak gainerakoak. «Neureak direnak badakit zergatik idatzi nituen, baina kideenak neure mundura ekarri ditut, eta beraiei erantzunik eskatu gabe, modu plastiko batean neure interpretazioa eman diet».

Erakusketa Bilboko San Frantzisko auzoko udaltegian -liburutegiko eraikinean- dago ikusgai otsailaren 11ra arte, eta bertatik Begoña, Castaños eta Abandoko auzoetakoetara joko du gero. Udaberri partean gainera, Donostiara joko du, Koldo Mitxelena Kulturunera, eta gero akaso beste toki gehiagotara ere bai. Koldo Mitxelenako Ganbaran hilabetez izango da ikusgai, eta Bilboko erakustaretoetatik kanpo gelditu zaion bideo-instalazio bat gehitzeko asmoa du artistak-. «Hasieratik erakusketa ibiltaria egin nahi nuen, ez dakidana da lanek eutsiko dioten, batzuk oso hauskorrak baitira eta atzera-aurrera horiekin guztiekin...», kezka azaldu du Aranbarrik.

Bestalde, Bilboko udaltegietako «txangoari» bukaera emateko asmoarekin, Barrainkuarako jaitxo bat prestatzen ari da taldea egun, martxoaren 18an gauzatu gura dutena. «Bideo emanaldi bat egingo dugu, erakusketan ikusgai diren artelanetatik aparte prestatu duguna». Bertan «Gabeko kalapitxixak» nola egin zuten azalduko dute, making off antzeko bat den dokumental labur baten bitartez. «Eta gero... pintxo dastaketa bat egingo dugu!» esanez ezustekoa eman digu Aranbarrik. «Ondarroako Cantabrico tabernako Pantxo Bedialaunetak -pintxo lanetan oso estimatua-, herriko beste artista batek, nik koadroekin egin dudana egingo du sukaldaritzarekin. Kantuak entzun eta hauek burura ekartzen diotenarekin pintxoak prestatu». Horrela, musika, literatura (edo hitzak) bideoa, arlo plastikoa eta gastronomia landuko ditu Piztiak taldeak, eta zentzumen horiek guztiak landu ahal izateaz poza azaldu zigun artistak, «beste perspektiba bat eman». Gainera, musika talde bat direnez, zuzenean ere jo beharko dute horratio!

Helburuak betetzen ari den taldearen azken lanak badu hirugarren asmo bat, Iosu Eizagirre zinemagilea burutzen dabilena. «Bidean dago, bukatzeke -dio Aranbarrik-, guk kontuak gure martxan egiten ditugu-eta, epe edo mugarik gabe». Bide horrek helmuga aurkitu bitartean, Piztiak taldeak badu bideoren bat ikusteko moduan jarria, www.youtube/buztenbaltza helbidean.

Anartz BILBAO

Fitxa

Artista: Josu Aranbarri.

Erakusketa: «Gabeko kalapitxixak».

Tokia: San Frantzisko Udaltegia.

Data: Otsailaren 11ra arte.

Toki gehiago: Begoñako Udaltegia (otsailak 14/28), Castañoseko Udaltegia (martxoak 1/15), Abandoko Barrainkua (martxoak 16/31.

bitarteko ugariren bidez osatuko duten egitasmoa, «gabeko kalapitxixak»
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo