GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Guzman Ruiz Garro | BBKren Asanbladako Kontseilari Orokorra

Aurrezki kutxak, oso harrapakin preziatua

 

Fernando VII.aren erregealdian, liberal batzuek Espainiatik alde egin behar izan zuten. Frantzian eta Ingalaterran bizi izandakoa barneraturik, itzulitakoan espainiar liberalismoaren buru bihurtu ziren ilustratu hauek. Honekin lotuta dago, bitxia bada ere, aurrezki kutxen jatorria.

Errestaurazioaren baitan, 1880an lege bat atera zen, gaur egun dauden aurrezki kutxa gehienen sorrera ahalbidetu zuena. Antolakuntzarako eta inbertsiorako lege honek eman zuen askatasunak erakunde hauen izaera eraldatu zuen, etorkizunean gizarte ekintzari lotuta egongo zirelarik, gaur arte.

Aipamena egin nahi izan dugu bitxikeria bat agerian uzteko: nola kutxa asko liberalismoaren eskutik jaio ziren eta nola orain sozialista omen den gobernu baten politika neoliberalaren baitan desagertzeko zorian dauden.

Ekonomiaren eta banka-sistemaren gaineko konfiantza berreskuratzeko aitzakiarekin, Ekonomia eta Ogasuneko ministroak plan bat aurkeztu du; finantza-erakundeei arriskuaren arabera neurtutako aktiboen %8ko oinarrizko kapitala eskatuko zaie gutxienez, eta portzentaje hori handiagoa izango da kotizatzen ez duten edo inbertsiogile pribatu nahikorik ez duten erakundeentzat, kutxentzat hain zuzen ere.

Estatua behin-behineko akziogile izango da udazkena baino lehen eskatutako errekurtsoak lortu ez dituzten erakundeetan. Oso nabarmena da epe honetan balantzeak onbideratuko direla diru publikoarekin, ondoren harrapakin preziatu hau banku handiei saltzeko. Baldintza horietan, ez da harritzekoa Espainiako Banka Elkarteak (AEB) eta CEOEk neurri hauek gogo biziz onestea eta Salgado andreari babes osoa eskaintzea.

Ideologia sozialdemokrata xumeenaren jabeak ere, beste arrazonamendu hau izango luke: gaizki dauden kutxak baldin badaude, eta ezinbestekoa baldin bada estatuaren esku-hartzea, logikoena litzateke banka publiko bihurtzea, dirua guztion poltsikotik ateratzen delako; horrela, gainera, dirua bideratuko litzateke enpresa txiki eta ertainentzat, autonomoentzat eta familientzat, oligarka finantzarioen diru-gose neurrigabea saihestuko litzateke eta Estatuaren ekonomia babestuko litzateke espekulatzaileek sorturiko beste krisialdi batzuengandik. Baina ez da hori gertatuko, ministroaren helburua kapital handiari gauzak erraztea delako, eta ez «herriaren bankuei» laguntzea enpresa txiki eta ertainen jarduera finantzatuz.

Eta 1880 baino lehenagoko ideologia gailentzen da, Estatuko gaur egungo ezkerra konplexuz betea dagoelako, edo desagertuta, diskurtsoan dituen mugen ondorioz. Egungo politika neoliberalek beren-beregi egin diote uko enplegua sortzeari, etekinak errazago berreskuratzeko asmoz, eta horretarako estrategia deflazionista bat ezarri dute, interes tasa altuetan eta gastuaren kontrolean oinarrituta, beste batzuen artean. Estatuko ezker horrek ez dauka beste aukerarik proposatzeko gaitasunik.

Ideologia neoliberalaren lehenbiziko oinarria bere mugetatik kanpo ezer ez dagoenaren autokonbentzimendua da. Lidergo aurrerakoien faltan, gizartean oso barnera sartu da mezu hau, eta ez gara konturatzen agindutako «erreskaterako» planekin banka egiteko modu etikoago bat likidatzen ari garela, finantza arloan bazterketa ugarituko dela eta aurrezki erakundeek egiten duten gizarte ekintza desagertuko dela.

Hego Euskal Herriko aurrezki kutxei dagokienez, kalte handiagoak eta konponezinak saihestu nahi badira, lehenbailehen ekin beharko litzaioke hauek naturalki elkartzeko prozesuari, atzerriko abenturetan indarrak xahutu beharrean, hala nola CajaSur-en erosketa, BBKren oinarrizko kapitala ustezko %14tik %8,9ra jaitsi duena, edo Banca Civicaren sorrera, Nafar Kutxa amildegiaren ertzean jarri duena.

Bizkor ibili behar dugu, gure aurrezki kutxen izaera soziala blindatuz, presentzia eta kontrol publikoa sendotuz, aginte organoak demokratizatuz eta zuzendaritza exekutiboa herritarren zerbitzura egongo dela bermatuz; bestela harrapakina finantza talde handien eskuetan eroriko da, eta hauek ez dute nahi herrialde txiki honek finantza sistema propiorik izan dezan.

Bukatzeko, Gobernu zentralak proposatzen duen kutxentzako kapitalizazio prozesuak ez du balio izango Estatuko finantza sistema onbideratzeko. Geroago banku bihurtzeko asmoz, kutxak diru publikoz esku-hartzea zera esan nahi du, langileek eta klase ertainek ordainduko dituztela espekulazioari lotutako kudeaketa modelo baten galerak.

Justiziaz, kutxen kapitalizazio prozesu hau ez da finantzatu behar herritarrek ordaindutako zergekin, baizik eta, egitekotan, kutxen ondasun higiezinen salmentaren etekinekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo