AIZKORA | Urrezko Lehiaketa
Azurmendik eta Atutxak ere finalerdiak jokatuko dituzte
Gipuzkoarrak eta bizkaitarrak erraz irabazi zuten final-laurdenetako neurketa.
Jon LEUN DA
Azurmendik eta Atutxak lortu zuten final-laurdenetako garaipena, eta haientzat izango da finalerdiak jokatzeko falta zen txartel bakarra. Beraiek ziren faboritoak, eta ez zuten hutsik egin Elgoibarren jokatu zen saioan. Gainerakoei alde nabarmena kendu zieten.
21 minutu eta 54 segundo behar izan zituzten lan guztiak burutzeko. Bigarren postuan, berriz, Arria V.a eta Rekondo sailkatu ziren, eta haiek egin beharreko guztiak 23 minutu eta 10 segundotan amaitu zituzten. Erasunek eta Lopezek osatutako bikoa zen saio honetan ari zen hirugarren bikoa, baina ez zuten saioa amaitzerik izan, epaileek kanporatu egin baitzituzten seigarren eta azkeneko lanean, beraien gomendioei kasurik ez egiteagatik.
Beraz, finalerdiak erabakita daude. Otsailaren 13an Munitibarren Nazabal eta Jauregi Arrospideren eta Mugertza II.aren aurka neurtuko dira. Otsailaren 20an, berriz, Espejon Donato eta Ohian Larretxea Azurmendiren eta Atutxaren aurka neurtuko dira. Finala hilabete honetako azkeneko igandean jokatuko da Azpeitian, eta eguerdian izango da, aspaldian ez bezala.
Gazte mailan ere bi neurketa jokatu dira eta hemen jadanik bi finalistak erabakita geratu dira. Larunbatean Otañok eta Zabaletak irabazi egin zieten Kortxerori eta Larreari, eta atzo, berriz, Vicente II.ak eta Eneko Saralegik gauza bera egin zieten Lopezi eta Ussiari, eta bi biko horiek neurtuko dira, hauek ere Azpetian lehiatuko dira otsailaren 27an, bertan, Urrezko finalarekin batera. Zilarreko finala ere orduantxe jokatuko da.
Apustua
Urte honetako lehen apustua gauzatu zen atzo Azpeitian, izan ere Raul Kastro eta Xabier Zaldua heldu baitziren adostasun batetara eta apirilaren 3an neurtuko dira Donezteben. 18 kana-erdikotara jokatuko dute norgehiagoka, eta enborrak Kastrok plazaratuko ditu, eta alde bakoitzak 3.000 euro jokatuko ditu dirutan. Kastrorentzat lehen apustua izango da hau, orain arte ez baitu behin ere jokatu, eta Zalduarentzat, berriz, bigarrena izango da. Lehenengoa pasa den maiatzean jokatu zuen Azpeitian eta irabazi egin zion Erasuni. Bera Euskal Herrikoan Bigarren Mailan dago, eta Kastro, berriz, Hirugarren Mailan dabil gaur egun.