GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

«Fisikoki txapelketa hasi zenean baino askoz hobeto sentitzen naiz orain»

p039_f01_111x111.jpg

Aritz Laskurain

Aspeko atzelaria

Lehen lau jardunaldien ostean, bereziki Getarian eta Iruñean galdu ostean, askok hiltzat jo zituzten egungo txapeldunordeak. Hala ere, fedeari eutsiz, egoera irauli, eta orain finalerdietan sartzeko bidean dira Gonzalez eta Laskurain. Soraluzeko atzelariak taktikoki eta, batez ere bere kasuan, fisikoki izandako hobekuntza jotzen du berpizkunde horren gakotzat elkarrizketa honetan.

Jon ORMAZABAL

Oraindik finalerdietarako txartela lortzeko lan dezente egin beharko duten arren, Aritz Laskurainek iaz txapeldunorde izatera eraman zituen ibilbidearen antzekotasun nabarmenak ikusten dizkio aurtengo euren bideari.

Bi astetan nola alda daitezkeen gauzak, ezta?

Dudarik ez. Lehen partidetan galdu arren, tanto-kopuru onak egin genituen Irujo-Merinoren aurkakoan kenduta, 10 tantotan geratu baikinen. Azken bi partidak alde nabarmenarekin irabazita tanteo ona daukagu eta puntu bat goitik daudenen aurka jokatzen dugunez, Pablito eta Apraizi irabazita, hirugarren edo laugarren jartzeko aukera handiak ditugu eta, hortaz, gustura gaude. Hasiera txarra egin arren, Aimarren eta Xalaren bikoteak denen gainetik daudenez, denok gaude antzera samar eta horregatik gaude aukerekin.

Ba al dago azken bi asteotako hobekuntzaren arrazoi zehatzik?

Alde batetik, ni fisikoki askoz hobeto sentitzen naiz. Batez ere lehen bi edo hiru jardunaldietan, jokoz-eta nahikoa itxuraz aritu nintzen, baina fisikoki, kolpez eta iraupenez, ez nintzen nahi bezain ondo. Txapelketan ez nintzen forma onean hasi, baina orain fisikoki ondo nago, jokoz eta kolpez ere bai, eta gero Sebasek ere, ondo hasi ondoren, beheraldi bat izan zuen eta orain berriz ere hobera egin du.

Taktikoki ere gauzak ondo egiten ari gara, pazientziaz eta atzera erasotzen. Ni ere atzean nagusitu ahal izan naiz azken bi partidetan eta Sebasek aurretik oso ondo errematatzen du.

Fisikoki izandako hobekuntza bilatutako zerbait izan da, txapelketa horren luzea delako?

Nahi, nahi, hasieratik ondo egon nahi nuen, baina abenduan-eta dezente entrenatu nuen txapelketan ondo egoteko eta lehen bi asteetan txispa errekuperatu ezinda ibili naiz, baina orain ondo nago. Ez da erraza izaten nahi den momentuan ondo egotea, baina aste batzuk beranduago izan arren, lortu dugu ondo jartzea. Esan duzun bezala, txapelketa luzea da eta ez da erraza asmatzen. Onena finalerdietan sartu eta ondo egotea da, baina sartu egin behar da lehenengo. Borroka horretan gaude; zorionez ondo gaude eta gero gerokoak.

Iaz ere ez zineten ondoegi hasi eta gero finalera heldu zineten...

Bai, ez ginen oso ondo hasi. Taktikoki-edo ez genuen elkar ondo ulertu hasieran, baina gero ondo hartu genuen elkar, fisikoki ere hobeto ginen bukaeran. Aurten ere antzera gabiltza, baina oraindik sailkatzea lortu egin behar da, baina bai, bide bertsua ari gara egiten.

Akatsik larriena Asier eta Belokiren aurka galdu izana izan da?

Bai, partida hori pena izan da; teorian, bikoterik ahulena da eta guri irabazi egin ziguten. Baina pena izan ziren Aimar-Beginoren eta Xala-Barriolaren aurkakoak ere. Alde dezenterekin joan ginen partida irabazten eta fisikoki justu heldu nintzen amaierara eta ezin izan genion alde horri eutsi. Eskuan izan genituen garaipenak eta alde egin ziguten.

Zuk bereziki sekulako partida egin zenuen Colavedan; pozik?

Azken bi partidekin gustura nago, bai neure buruarekin bai bikotearen lanarekin. Taktikoki oso ondo aritu gara, zentratuta; biok lan bera ari gara egiten, atzelariaren bila joan eta aukera dagoenean errematatzen, eta nik uste dut horrela jarraitu behar dugula. Iaz ere, partidarik onenak egin genituenean, horrela jokatu genuen eta ikusten da gure jokatzeko erak hori izan behar duela, pazientziarekin hartu, partidak gogortu, atzelaria behartu eta aukera dagoenean errematatu.

Ostiralean partida zaila eta erabakigarria duzue Urdulizen...

Aurkari zuzenak dira eta, tanteoan aurretik dauden arren, guk irabaziz gero, tanteoa ere berdinduko genuke. Zaila izango da Apraiz dominatzea, kolpe handiko mutila delako, baina arrimatuz eta mugiaraziz saiatu beharko dugu, eta ea Sebasek horrela jarraitzen duen, bitik eta indar askorekin errematatzen aukerarik ere ez dio ematen aurkariari defendatzeko.

Hasi zarete pentsatzen zenbat garaipen beharko dituzuen finalerdietan sartzeko, edo nahiago partidaz partida joan?

Garbi dago partidaz partida joan behar dugula, baina nahi gabe ere, beti egiten dira kontuak. Ez dakit ziur zenbat garaipen beharko diren, bost, sei... tanteo onarekin jarraitzen badugu, hau da, galdutakoak gutxigatik galtzen eta irabazitakoak eroso irabazten, bostekin nahikoa izan daiteke, baina ez da ziurra. Nik uste dut seirekin sailkatuko ginatekeela tanteoa ondo mantenduta. Ikusten dena da aurrera egiteko moduan gaudela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo